Bihar hasiko du oinarrizko produktuen bilketa Kontseilu Sozialistak

Intza Trula 2024ko mar. 13a, 09:58
Janari bilketa Azkoitian. (Kontseilu Sozialista)

Bihar hasi eta larunbatera arte edukiko dituzte postuak Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako hainbat supermerkaturen eta saltokiren aurrean. Ogi apurrik ez! lelo hartuta egingo dute bilketa.

Oinarrizko produktuen bilketa handia egingo du bihartik hasi eta larunbatera arte Kontseilu Sozialistak Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan. Ogi apurrik ez! lelopean egingo dute bilketa: Azpeitian, Juan XXIII auzuneko eta Sanjuandegiko Eroski saltokien kanpoaldean; Azkoitian, Eroski txikia eta BM saltokien atarian; eta Zestoan, Gesalaga kalean. Hori horrela, bihar, 17:00etatik 20:00etara edukiko dute postua; etzi, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; eta larunbatean, 10:00etatik 13:00etara.

Kontseilu Sozialistak lau urte daramatza lehengaien bilketa eta banaketa egiten: "Lan militanteari eta norbanakoen ekarpen ekonomikoei esker eusten diogu hasierako asmoari", azaldu dute. "Azken urteotan oinarrizko produktuen beharra larriagotu baino ez da egin, langileriaren sektore xumeenentzat. Inflazioa eta zerbitzuen murrizketek gogor kolpatu dute jende askoren egunerokoa, eta beraz, inoiz baino beharrezkoagoa zaigu antolatu eta elkartasuna praktikara eramatea". Hala, Kontseilu Sozialistak dei egin die herritarrei oinarrizko produktuen bilketan parte hartzera.

Horrez aparte, diruz lagundu nahi dutenek ES65 3035 0020 5702 0008 5892 kontu korrontean edo 688 76 90 47 zenbakian Bizum bidez egin dezakete ekarpena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide