Hasi dituzte haurren danborradako entseguak

Nerea Uranga 2024ko mar. 12a, 09:20

Pazko asteko larunbatez, apirilaren 6an, egingo duten haurren danborradarako prestaketak hasi dituzte. Atzo egin zuten lehen entsegua Gurea pilotalekuan. Antolatzaileek gogorarazi dute danborrak eta barrikak jo behar dituztenek gerrikoa eraman behar dutela entseguetara.

Otsailean hasi eta martxoaren 3ra artean haurren danborradan parte hartu nahi duten haurren izenak jaso zituzten, eta atzo hasi zituzten txikienen danbor festarako entseguak. HH5etik LH6ra arteko haurrek parte hartuko dute apirilaren 6an, Pazko asteko larunbatez, egingo duten danborradan. HH5ekoek sukaldari txiki moduan aterako dira; LH1ekoak, gastadore, karrozan edo kantinera; eta LH2tik LH6ra arteko neska-mutilek, joko dute danborra.

Atzo egin zuten lehen entsegua Gurea pilotalekuan, eta mailaz maila taldetan jarrita danborra jotzen hasi aurretik, banderadunak, kantinerak eta zuzendariak aukeratzeko zozketa egin zuten. Ondoren jo zituzten danborradako piezak.

Astelehenetan, asteazkenetan eta ostegunetan egingo dituzte entseguak, 19:00etatik 20:00etara artean, Gurea pilotalekuan. Antolatzaileek gogorarazi dute danborrak eta barrikak jo behar dituztenek gerrikoa eraman behar dutela entseguetara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide