Pazko asterako askotariko jarduerak antolatu ditu Gazteria sailak

Iraia Oteiza 2024ko mar. 7a, 11:10

Adin ezberdinetako haur zein gaztetxoei zuzenduta, askotariko lantegiak, jarduerak eta irteerak antolatu dituzte Pazko asteko oporraldirako. Horietan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da.

Aisialdiaz gozatzeko jarduera aukera zabala izango dute haur zein gaztetxoek Pazko asteko oporraldian. Adin ezberdinetako gazteei zuzenduta, Gazteria Sailak askotariko lantegiak antolatu ditu, besteak beste, sukaldaritza, arteterapia, kodeka teknologia, sormen tailerra, brinko proiektua, margo lantegia edota makrame ikastaroa. Lantegi horietarako izen-ematea, bihar, ostirala, zabalduko dute eta parte hartzaileek Elkargunearen atarian eman beharko dute izena. Horretarako azken eguna martxoaren 20a izango da.

Gazteriak antolatutako lantegiez gain, Artxamendi Topalekuak ere udaberriko ekintzak eskainiko ditu apirilaren 2tik 5era. JumYard parkera, Zubietako paint ball-era, Irrisarri Land-era edota mendira irteerak egiteko aukera izango dute gaztetxoek. Martxoaren 12tik 17ra zabalduko dute irteeretarako izen-ematea Gazte Zerbitzu Bulegoan.

Bestalde, Abarketatxo Ludotekak, Haur Astearen baitan, irteerak antolatu ditu haurrentzat Azpeitiko Ingurugiro Etxera, Oriora, Irrisarri Land-era eta mendira. Bazkide ez direnentzat izen-ematea gaur ireki du ludotekak, eta martxoaren 11ra arte egongo da izen emateko aukera. 

Jarduera bakoitzaren informazio gehiago, hemen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide