Martxoko eta apirileko antzezlanetarako sarrerak, salgai

Iraia Oteiza 2024ko mar. 5a, 12:11
'Esnearen kolorekoa' antzezlanaren irudi bat.

Baginaren bakarrizketak, Esnearen kolorekoa, Almazenean eta Pontx pailazoaren Gelara! ikuskizunak eskainiko dituzte martxoan eta apirilean Baztartxo antzokian. Horietarako sarrerak jada eskuragarri daude lotura honetan

Baztartxo antzokian antzezlanak izango dira nagusi martxoan zein apirilean, eta horietarako sarrerak jada salgai daude.

Ostiral honetan, Emakumeen Nazioarteko Egunaren barruan, Baginaren bakarrizketak emanaldiaz gozatzeko aukera izango da, 19:00etan. Adin, arraza, maila kultural eta sozial ezberdinetako 200 emakumeei egindako elkarrizketen emaitzaren erakusleiho izango da emanaldia, eztabaida piztea, moldeak apurtzea eta dinamikak sortzea helburu duena. Umorea, samurtasuna eta, tarteka, izua adieraziz, Itziar Urretabizkaia, Ainhoa Etxebarria eta Intza Alkain aktoreek emango diete ahotsa emakumeei, poesia, probokazioa eta barrearen bidez. Sarrerak lotura honetan eros daitezke, 10 euroan.

Esnearen kolorekoa izango da Baztartxon taularatuko duten hurrengo antzezlana, martxoaren 16an taularatuko baitute, 19:00etan. 1830ean Ingalaterrako baserri batean bizi den Maryren istorioa du kontagai antzezlanak. Ilea esnearen kolorekoa du protagonistak, eta hanka batean arazo fisikoa zuela jaio zen. Baina, familiaren kondenatik ihes egitea lortzen du, bikarioaren emaztea zaintzeko neskame gisa lan egitera bidaltzen dutenean. Itzalen mundua uzten duen heinean, argiak are itsugarriagoak izan daitezkeela ohartuko da Mary. Sarrerak lotura honetan eskura daitezke, 10 euroan. 

Apirilean ere ez da emanaldi faltarik izango herriko antzokian. Almazenean lana taularatuko dute Iker Galartzak eta Zuhaitz Gurrutxagak hilaren 13an, 19:00etan. Jubilatzear dagoen arduradunak eta bere lanpostuan ordezkatuko duenak, ezinbestean, bost egunez lantokia partekatu beharko dute, itxuraz deus gertatzen ez den almazen huts batean. Orduek aurrera egin ahala, bi langileen arteko harremana estutzen joango da, eta amankomunean daukaten zera horrek lotuko ditu betirako: galtzaileen kontzientziak. Antzezlan horretarako sarrerak ere 10 euroan eskura daitezke, hemen.

Pontx pailazoak Gelara! haurrentzako ikuskizuna eskainiko du apirilaren 27an, 17:00etan. 3 urtetik gorako umeei zuzendutako ikuskizuna izango da eta sarrerak lotura honetan eros daitezke, 5 euroan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide