'Juana' liburuaren aurkezpena eta irakurle taldearen saio berria, bihar

Iraia Oteiza 2024ko mar. 4a, 12:56
Irakurle taldearen saio bateko irudia. (Azkoitiko Irakurle Taldea)

Jon Artano kazetari zestoarrak 'Juana' liburua aurkeztuko du, 18:30ean, Elkargunean; aldiz, Miren Amuriza idazle eta bertsolariaren 'Basa' liburua izango du aztergai Azkoitiko Irakurle Taldeak, 19:00etan, Elkarguneko Zeharkako gelan.

Literatura zaleek bi hitzordu izango dituzte bihar Elkargunean. Alde batetik, Jon Artano kazetari zestoarrak Juana liburua aurkeztuko du, eta bestetik, Miren Amuriza idazle eta bertsolariaren Basa liburua izango du aztergai Azkoitiko Irakurle Taldeak. 

18:30ean hasiko du Artanok bere liburuaren aurkezpen saioa, udalak martxoaren 8ko ekintzei lotuta antolatu duena. Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak ematen duten Tene Mujika Bekari esker idatzi du zestoarrak Juana, ez fikziozko lana, eta euskal jatorria zuen Juana Perea Platari eta haren familiari gertatuak izan ditu kontagai. Gizon armatu batzuek erail zuten Perea 2020an, Kolonbian.

19:00etan, berriz, Azkoitiko Irakurle Taldeak saio berri bat egingo du Elkarguneko Zeharkako aretoan. Oraingo honetan, Miren Amurizaren Basa liburua izango du aztergai taldeak, Amuriza bera ere bertan dela. Ohi bezala, Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarrak egingo ditu dinamizatzaile lanak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide