Iraitz Olariagak eta Josu Odriozolak irabazi dute Gabiria-Legazpi rallysprinta

Mailo Oiarzabal 2024ko mar. 3a, 15:16
2024ko Gabiria-Legazpi rallysprintaren podiuma, Olariaga eta Odriozola koska gorenean direla. (Ander Zelaia)

Gipuzkoako automobilismo denboraldiaren lehen proba atzo jokatu zuten. Eguraldi makurrak baldintzatutako lasterketan, azkoitiarrak izan ziren azkarrenak.

Iraitz Olariaga pilotuak eta Josu Odriozola kopilotuak ezin hobeto ekin diote automobilismo denboraldi berriari. XXVI. Gabiria-Legazpi rallysprinta jokatu zuten atzo, Gipuzkoako aurtengo lehen auto lasterketa, eta Olariagak gidatutako Honda Civic autoa izan zen azkarrena; Gabiria-Legazpi rallysprintean lehen garaipena izan da hau Olariagarentzat.

Euria, haizea, elurra... denetik izan zuten atzoko rallysprintean parte hartu zutenek, eta eguraldi makurrak baldintzatu zuen proba. Eguraldiaren gorabeherak kontuan hartuta, besteak beste, gurpilen aukeraketak zeresan handia izan zuen atzokoan; Olariagak eta Odriozolak lehorrekoak aukeratu zituzten rallysprintaren lehen zatirako, eta apustu horrek emaitza bikaina eman zien.

Gorka Eizmendi aiarra eta Esti Armendariz (Citroën C3 N5) sailkatu ziren bigarren tokian, eta Alberto Marcosek eta Maialen Guridik (BMW M3) osatu zuten podiuma. 71 bikote zeuden izena emanda, 65 irten ziren lehen erlojupekoan, eta 35ek lortu zuten lasterketa osatzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide