Andoni Rekondo Erniarraitz sariketaren finalera sailkatu da, goraino betetako Martirietako saioan

Ane Olaizola 2024ko mar. 2a, 09:55
Martirietan atzo abestu zuten bertsolariak. (Erniarraitz)

Atzo gauean eman zioten hasiera Erniarraitz sariketari, Azkoitian. Martirietako elkartea goraino beteta zela abestu zuten  Naia Arrizabalaga azkoitiarrak, Maddi Agirrek, Aitor Tatiegik, Andoni Rekondok, Garazi Navarrok eta Maite Sarasolak, eta "giro ederra" nagusitu zen. 

Erniarraitz bertsozale elkarteak bi urtero antolatzen duen Erniarraitz sariketa hasi zen atzo. Azkoitiko Martirieta auzoko elkartean eman zioten hasiera sariketari, eta auzoko txokoa goraino beteta zela abestu zuten Naia Arrizabalaga azkoitiarrak, Maddi Agirrek, Aitor Tatiegik, Andoni Rekondok, Garazi Navarrok eta Maite Sarasolak. Aurten, antolatzaileek formatuz aldatu dute lehiaketa, eta bertsolariek zein bertsozaleek mahai bueltan, bertso afari moduan, gozatu ahal izan zuten sariketaren lehen kanporaketaz. Rekondo izan zen puntu gehien eskuratu zituena (253), eta beraz, hernaniarrak zuzenean lortu zuen martxoaren 22an Azpeitiko Sanagustin kulturgunean jokatuko duten finalerako txartela. 

Antolatzaileak gustura azaldu dira sariketaren aurreneko kanporaketarekin. Batetik, zaleen erantzun beroa izan zuen Martirietan egin duten lehen saioak —afaltzeko leku guztiak beteta zeuden—, eta "giro ederra" nagusitu zela azpimarratu du elkarteak. "Kanturako oso areto ederra geratu zen", azaldu du Erniarraitzek.

Sabela ondo beteta, 22:00etarako hasi ziren bertsolariak kantuan. Rekondok "nabarmen" irabazi zuela azaldu dute antolatzaileek, "egoki" asmatu baitzuen "gaietan eta horien originaltasunean". Orokorrean, "saio txukuna" izan dela azpimarratu du Erniarraitzek. 

Hurrena, Zestoan

Euskal Herriko txoko desberdinetako 12 bertsolari gazte ari dira sariketan parte hartzen, eta guztira, bi kanporaketa jokatuko dituzte. Hain zuzen, hurrengo kanporaketa martxoaren 15ean izango da, Zestoako Lau Iturri elkartean. Orduan, honako bertsolari hauek arituko dira kantuan: Julene Iturbe (Azkoitia), Aimar Sorazu (Zarautz), Gorka Pagonabarraga (Durango, Bizkaia), Irantzu Idoate (Hazparne, Lapurdi), Maddi Aiestaran (Beasain, Gipuzkoa) eta Ekhi Mateorena (Leitza, Nafarroa). 

Rekondo da sariketaren aurreneko finalista, eta Zestoako saioan nagusitzen dena ere zuzenean sailkatuko da finalera. Gainontzeko lau finalistak puntuazioaren arabera sailkatuko dira. Honako hau da atzoko saioaren sailkapena: Andoni Rekondo (253 puntu), Aitor Tatiegi (238 puntu), Maider Sarasola (235,5 puntu), Garazi Navarro (231 puntu), Maddi Agirre (226 puntu) eta Naia Arrizabalaga (223,5 puntu).

Martxoaren 15ean, 20:00etan hasiko da afaria Zestoan, eta hara joan nahi duenak aurrez hartu beharko du lekua, erniarraitz@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Afarirako 20 euro ordaindu beharko da. Finalerako sarrerak ere eskuragarri daude, kulturaz.eus webgunean. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide