Azkoitia eta Urretxu arteko bidegorria itxita dago luizi baten ondorioz

Iraia Oteiza 2024ko mar. 1a, 15:15
Azkoitia eta Urretxu arteko bidegorriko tuneletako bat.

20 metroko luzera eta 15 metroko altuera duen lur jausia dago Mandabietako tuneletik gertu, Aizpurutxo parean. Gipuzkoako Foru Aldundiak bidegorria ixteko erabakia hartu du eta inguruaren egoera ebaluatzen dihardu. Bidearen irekiera datarik ez dute aurreikusi oraindik.

Azken egunetan izan diren euriteek lur jausi esanguratsua eragin dute Azkoitia eta Urretxu arteko bidegorrian, Aizpurutxo auzoaren parean. Luizia dela eta, bidegorria berehala ixtea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun sailak, beharrezko egonkortze eta konponketa lanak amaitzen dituzten arte.

Lur jausia otsailaren 28an izan zen, Mandabietako tuneletik gertu, tunelaren ipar-mendebaldeko ahotik metro gutxira. 20 metroko luzera eta 15 metro baino gehiagoko altuera duen luizia da. Aldundiak bidegorriaren egoera aztertzen dihardu, eta lur jausiak eragindako kalteak arintzeko beharrezko kontratazioak egingo ditu, presazko prozeduraren bidez.

Jasangarritasun sailak adierazi duenez, bidegorria berriro irekitzeko aurreikuspen data aurrerago jakinaraziko du, beharrezko obrak bideratu ondoren. Era berean, errepidea aldi baterako itxi izana errespetatzeko eskatu die aldundiak herritarrei, erabiltzaile guztien segurtasuna bermatzeko lanean ari diren bitartean. Kontsulta osagarrietarako edo informazio eguneraturako, herritarrak aldundiarekin harremanetan jar daitezke, komunikazio bide ofizialen bidez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide