Formatu berriarekin, hamabi bertsolari arituko dira Erniarraitz sariketan

Ane Olaizola 2024ko mar. 1a, 09:52
Oier Etxeberria, Erniarraitz sariketako 2022ko irabazlea, Azkoitian jokatu zen kanporaketa batean. (Andoni Elduaien)

Gaur hasita, Azkoitiko Martirieta auzoan eta Zestoan egingo dira txapelketako bi kanporaketak, afari banaren bueltan, eta finala martxoaren 22an jokatuko dute Azpeitian. Eskualdeko hiru bertsolari gazte lehiatuko dira: Naia Arrizabalaga eta Julene Iturbe azkoitiarrak eta Aimar Sorazu zarauztarra.

Bi urtetik behin jokatzen den Erniarraitz sariketaren hamabigarren edizioa jokatuko da aurten, Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatuta. Hamabi bertsolari gaztek parte hartuko dute bertsolari sariketan, horietatik hiru eskualdekoak: Naia Arrizabalaga eta Julene Iturbe azkoitiarrak eta Aimar Sorazu zarauztarra. Finalaren aurretik bi kanporaketa jokatuko dituzte, afari banaren bueltan, eta kanporaketa bakoitzeko irabazleak finala jokatzeko txartela lortuko du zuzenean. Finala, berriz, martxoaren 22an izango da, 22:00etan, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean.

Formatu berria du Erniarraitz sariketak, antolatzaileek aretoetatik elkarteetara lekualdatu baitituzte kanporaketak, eta modu horretan, bertso afari moduan egingo dituzte saioak, egitasmoari "etxeko giroa, informalagoa" emateko asmoz: "Bertso afarien bidez egiten dituzten sariketa batzuk arrakasta dute, eta horren aldeko hautua egin dugu aurten", azaldu du Jon Gurrutxaga Erniarraitzeko kideak. 

Gaur jokatuko dute lehen kanporaketa, Azkoitiko Martirieta auzoko elkartean, 20:00etan hasita. Bigarren kanporaketa martxoaren 15ean izango da, Zestoako Lau Iturri elkartean, kasu horretan ere, 20:00etan hasiko da. Afarirako 20 euro ordaindu beharko da, eta horietara joan nahi duenak aurrez hartu beharko du lekua, erniarraitz@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Dena den, gaurko saiorako leku guztiak beteta daude: "Horren erakusgarri da formatu berriarekin asmatu dugula; asteazkenerako 60 lagun izena emanda zeuden". 

Euskal Herriko txoko desberdinetako 12 bertsolari lehiatuko dira datozen asteetan Erniarraitz sariketan. Guztiak ere 25 urtez azpikoak dira, egitasmoak bertsolari gazteen erakusleiho izatea baitu helburu: "Eskolarteko sasoia amaituta, gazteek oso urruti ikusten dute plaza, eta ez dute ia aukerarik horretarako; egun, txapelketa da plazarako sarbide bakarrenetakoa. Sariketek leuntzen dute txapelketara bitarteko pausoa". Plazarik ez, baina "maila ona" duten bertsolariek parte hartzen dutela azpimarratu du Gurrutxagak: "Betiko bertsolariez gain, bertsotan oso txukun egiten duen jendea dagoela ikusarazi nahi dugu; gazteekin ere goza daitekeela erakustera dator sariketa". 

Sanagustinera, "plazaren erdira", eramango dute antolatzaileek aurten finala, horretan ere saiakera berezia egin baitute. Finalerako sarrerak kulturaz.eus webgunean erosi ahalko dira.

XII. Erniarraitz sariketako saioak:

  • Martxoak 1, ostirala: 20:00etan, Azkoitiko Martirietako elkartean.
    - Naia Arrizabalaga (Azkoitia)
    - Maddi Agirre (Gasteiz)
    - Aitor Tatiegi (Oñati, Gipuzkoa)
    - Andoni Rekondo (Hernani, Gipuzkoa)
    - Garazi Navarro (Amoroto, Bizkaia)
    - Maite Sarasola (Deustu, Bilbo)
  • Martxoak 15, ostirala: 20:00etan, Zestoako Lau Iturri elkartean.
    - Julene Iturbe (Azkoitia)
    - Aimar Sorazu (Zarautz)
    - Gorka Pagonabarraga (Durango, Bizkaia)
    - Irantzu Idoate (Hazparne, Lapurdi)
    - Maddi Aiestaran (Beasain, Gipuzkoa)
    - Ekhi Mateorena (Leitza, Nafarroa)
  • Martxoak 22, ostirala. Finala. 22:00etan, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide