Anarik disko berria kaleratu du

Iraia Oteiza 2024ko ots. 29a, 13:01

Musikari azkoitiarrak Giza zarata izenburupean plazaratu du hamar abestiz osatutako lan berria. Martxoaren 16an eskainiko du lehen aurkezpen kontzertua, Donostiako Intxaurrondo kultur etxean.

Anari Alberdi musikari azkoitiarrak disko berria plazaratu du gaur, Giza zarata izenburupean. Hamar abestiz osatuta dago lana, eta duela pare bat aste Troiako zaldia kantarekin aurreratu zuen musikariak lan berriaren norabidea. Cadizen (Espainia) grabatu du disko berria, Tristuraren Industria zigilu berriarekin. Diskoaren azala eta gainontzeko elementu artistikoak, berriz, Alots Arregi artista azkoitiarrak sortu ditu.

1997an atera zuen lehen diskoa Anarik, Anari izenburuarekin. Ordutik, hainbat disko kaleratu ditu musikariak bakarka nahiz beste musikari batzuekin elkarlanean. Bere zazpigarren lan luzea da Giza zarata diskoa, eta Badok atarian dago entzungai.

Martxoaren 16an, larunbatez, eskainiko du disko berriaren lehen aurkezpen kontzertua, Donostiako Intxaurrondo kultur etxean, Muare taldearekin batera. Sarrerak agortuta daude dagoeneko. Martxoaren 21ean Bilboko Kafe Antzokian ariko da musikaria, eta hilaren 22an Gernikako (Bizkaia) Lekuek jaialdian eskainiko du kontzertua. Apirilaren 11n, aldiz, Gasteizko Jimmy Jazzen izango da, 20an Atarrabiako (Nafarroa) Totemen, eta 21ean Hendaiako (Lapurdi) Mendi Zolan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide