Garai bateko hileta errituez arituko da Mertxe Urteaga arkeologoa

Iraia Oteiza 2024ko ots. 29a, 10:30
Mertxe Urteaga arkeologoa. (Azkoitiko Udala)

San Martin de Iraurgin VII. eta VIII. mendeetan egiten zituzten errausketak azalduko ditu Urteagak, 19:00etan, Elkargunean. Azkoitia 700 batzordeak antolatutako saioa da.

Mertxe Urteaga arkeologoak Jentilak eta kristauak, errausketaren hileta errituak San Martin de Iraurgin, VII. eta VIII. mendeetan hitzaldia eskainiko du gaur, 19:00etan, Elkarguneko Oteiza aretoan.

San Martin ermitaren inguruetan 1994an egin zituzten indusketetan, VII. eta VIII. mendeetako aztarna ugari atera zituzten, batzuk "txundigarriak", eta garai hartako testuingurua azaltzeaz arduratuko da Urteaga arratsaldeko saioan. "Aztarnategi oso berezia eta bitxia da San Martingoa, gorpuen errausketen arrastoak daudelako, baina kronologia oso berantiarrean", azaldu du hark. Izan ere, garai hartan, jada kristau errituak ziren nagusi, eta gorpuak osorik lurperatzeko ohitura zegoen zabalduta. San Martinen, ordea, gorpuak lurperatu ordez, erre egiten zituzten. "Salbuespen erraldoia da, eta halako oso kasu gutxi ezagutzen ditugu. Horregatik diot San Martin de Iraurgiko biztanleak jentilak zirela, kristautasunetik aldenduak", argitu du Urteagak.

Azkoitiko hiribildua 1324an sortu zen Bedeaizar muinoan, gaur egun San Martin ermita dagoen inguruan. San Martin de Iraurgi de Azkoitia izena hartu zuen hiribilduak orduko hartan. Hori horrela, Urteagak dio hileta errituak ere inguru hartan egiten zituztela.

"San Martin de Iraurgiko biztanleak kristautasunetik aldenduta zeuden"

Luzea eta esanguratsua da Urteagaren ibilbide profesionala. Ezaguna da, bereziki, Arkeolan Fundazioan eta Oiasso museoan egindako lanagatik. Horrez gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Historiko-Artistiko Zerbitzuko talde teknikoko kidea da. Halaber, zenbait artikuluren zein libururen egilea ere bada, baita beste hainbat argitalpenen editorea ere.

Herriko historia ezagutuz

Azkoitia 700 batzordeak herriko historian murgiltzeko antolatutako hitzaldi zikloaren barruko saioa izango da Urteagak eskainiko duena. Hain zuzen, joan den ostiralean egin zuten zikloko lehen saioa, Munoaundi herri harresituaren ingurukoa, eta arratsaldekoa izango da egingo duten bigarrena.

Hitzaldi zikloaren barruko hurrengo saioa martxoaren 14rako antolatu du batzordeak, Idoia Arrieta historialariaren eskutik. Zer ezkutatzen du hiribilduak? izeneko hitzaldia eskainiko du hark. Ekainean, berriz, San Martingo erlojua izango dute hizpide Yeregui elkarteak, Azkoitiko Alkorta anaiek, Konberbi enpresako Miguel Angel Larrañagak eta Juan Bautista Mendizabal Ondare zinegotziak, erlojuak duen balio historiko eta funtzionalarengatik.

Udako oporren ostean, irailean izango du jarraipena zikloak: Rosa Aierbe historialariak Ahaide nagusiak Azkoitiko eta Gipuzkoako instituzioetan goiburupean eskainiko du saioa orduan. Urrian, aldiz, Javier Elorza historialariak Azkoitia eta bere sustraiak: Iraurgiko San Martin eta Miranda (1324-1550) liburua aurkeztuko du. Amaitzeko, azaroan, San Martingo historiaurrean jarriko dute berriro arreta, eta Munibe arkeologia taldeko Juan Mari Arruabarrenak zikloko azken hitzaldia eskainiko du orduan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide