Ahalik eta parte hartzaile gehien bildu nahi ditu Azkoitrik martxoaren 16ko duatloi probetan

Ane Olaizola 2024ko ots. 29a, 11:56
Aritz Orbegozo, Haritz Uranga, Igor Isuskiza eta Aitor Beneitez, atzo, aurkezpenean. (Ane Olaizola)

Azkoitri triatloi klubak antolatuta, haurrentzako duatloi probak eta duatloi super-esprinta jokatuko dituzte martxoaren 16an, larunbatez. Duatloiaren inguruko zalantzak argitzeko asmoz, bi prestaketa saio egingo dituzte aurrez.

Azkoitri triatloi klubak Azkoitiko Udalaren eta Marea Urdinaren laguntzarekin antolatuta, duatloi probak jokatuko dituzte datorren hilaren 16an, eta lasterketak aurkezteko agerraldia egin zuten atzo iluntzean Azkoitriko ordezkari Haritz Urangak eta Aitor Beneitezek, kirol zinegotzi Igor Isuskizak eta Marea Urdinako kide Aritz Orbegozok. 

Egun horretan, bi proba jokatuko dituzte Duatloiaren festaren barruan: goizean haurrena, eta arratsaldean, herrikoia —federatu gabeena— zein federatutako kadeteena. Aurten, federatuentzako duatloi estandarra (10 km-40 km -5 km) ez dute jokatuko Azkoitian, "trafiko arazoek" eraginda klubak ezin izan dutelako hura antolatu. Dena den, gainontzeko duatloi zaleek ere probetan parte hartzeko aukera izan dezaten antolatu dituzte beste bi probak.

Umeen probei dagokienez, Eskola Kirolaren barruan jokatuko dituzte lasterketak, 09:30etik 12:12era bitartean: 09:30ean, LH 1 eta 2 mailatakoen txanda izango da; 10:00etan, LH3koena; 10:30ean, LH4koena; 11:30ean, LH5ekoena; eta 12:00etan, LH6koena. Tartean, ordubeteko atsedenaldia izango da, parte hartzaile "asko" izanik, haurrak txandaka sar daitezen boxetan.

Arratsaldean, berriz, bederatzigarrenez jokatuko dute duatloi herrikoia, 16:00etan hasita. Antolatzaileek gogoratu dute bertan parte hartzeko ez dagoela duatloian federatuta egon beharrik. "Korrikan egiten duen eta bizikletan Santa Kutzeko aldapa igotzeko gai den edonork parte har dezake". Distantzia super-esprinta izango du proba horrek: hau da, bi kilometro eta erdi egingo dituzte korrika, hamar kilometro bizikletan eta beste kilometro eta berrehun metro antxintxika. Proba horretan bertan, duatloi egokitua ere jokatuko dute Marea Urdinari esker, ibilbidea apur bat moldatuta, kirolarientzat ahalik eta lauena izan dadin.

Aurrez, prestaketa saioak

Duatloiaren festan proba egokitua eta kadeteena egonik, Euskadiko Duatloi Federazioak kontrolatuko du proba, eta beraz, antolatzaileek azaldu dute herrikoian ere parte hartzen dutenek federazioko epaileen "menpe" egongo direla. Hori hala izanik, duatloiaren inguruko zalantzak dituztenei zuzenduta, bi prestaketa saio antolatu ditu Azkoitrik datozen bi asteburuetarako: "Duda asko sortzen dira duatloia egiterakoan, eta dudan dagoen jendeari lagundu eta haien parte hartzea erraztu nahi dugu". 10:00etan plazan egingo dituzte ordubeteko bi saioak, eta lehenengoan, etzikoan, probaren inguruko azalpen teorikoak emango dizkiete han parte hartzeko interesa dutenei; martxoaren 9an, berriz, lasterketaren "simulazioa" egingo dute: "Bakoitzak bere bizikleta eraman dezala, eta boxak irudikatuta, buelta bat egingo dugu korrika eta bizikletan". Prestaketa saio horietan parte hartu nahi dutenek, hemen eman dezakete izena.

Lasterketa super-esprintean parte hartzeko izen-ematea zabalik da otsailaren 21az geroztik, triatloi.org atarian. Martxoaren 11ko gauerdira bitartean eman daiteke izena, eta informazio osoa azkoitikoduatloia.eus webgunean eskuratu daiteke.

Duatloi proba nagusiaren faltan, bestalde, aurten boluntario gutxiago beharko dituztela azaldu dute antolatzaileek, baina probetan laguntzeko deialdia ere zabaldu die herritarrei, eta horretarako interesa dutenek Azkoitrirekin jar daitezke harremanetan. 

Kirol egokituari ikusgarritasuna

Udalak eskerrak eman dizkie Azkoitriri zein Marea Urdinari, egiten duten "boluntario lanagatik" eta duatloiei zein triatloiei ematen dieten ikusgarritasunagatik. Hain zuzen, udala "bidelagun" izango dutela azpimarratu zuen Isuskizak. 

Marea Urdina ere esker oneko agertu zen antolatzaileekiko, duatloi egokituari ematen dioten ikusgarritasunagatik: "Horrelako ekitaldi gutxi egoten dira, klub gutxik eskaintzen dutelako inklusioaren aldeko aukera. Kirola gizarteratzeko erreminta oso ona da, eta bestalde, halako probek herritarrak sentsibilizatzen laguntzen dute; mezua bidaltzen dute, jendea ohitu egiten da, eta ateak zabaltzen dizkiete bestelako egitasmoei".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide