Aingeru Guardako eguna ospatuko dute bihar

Ane Olaizola 2024ko ots. 29a, 09:00
Aingeru Guardako eguna, iaz. (Ane Olaizola)

Mezak egingo dituzte goizean eta eguerdian, eta ohi bezala, erroskilla saltzaileek postuak jarriko dituzte; gauean, mus txapelketa izango da Gurea frontoian, Baztarrikaldeko festen barruan.

Martxoan sartzearekin batera ospatuko dute beste urte batez herritarrek Aingeru Guardako eguna. Ohi bezala, bihar Aingeru Guarda ermitan elkartuko dira herritarrak, eta elizkizunak egingo dituzte han. 11:00etan meza izango da, eta hura izango da eguneko elizkizun nagusia. Bigarren eta azken elizkizuna, berriz, 13:30ean izango da, baso zaleen aldekoa. Aurten ere erroskilla saltzaileek postuak jarriko dituzte ermitaren kanpoaldean.

Aingeru Guardako egunaren bueltan, festak antolatzen dituzte Baztarrikalden, eta jaien barruan, gaur mus txapelketa izango da. Gurea pilotalekuan elkartuko dira jokalariak, eta 22:30ean hasiko da txapelketa. Izen-ematea ere frontoian bertan izango da, txapelketa hasi aurretik.

Bikote bakoitzak 20 euro ordainduko du, eta irabazleek txapel bana eta 300 euroko saria jasoko dituzte; bigarren eta hirugarren sailkatzen direnek 200 eta 100 euro irabaziko dituzte hurrenez hurren, eta hirugarren bikoteak bi lagunentzako afaria eskuratuko du Isidro erretegian. Launa errege, ustel eta hamarrekotara jokatuko dute txapelketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide