Gailu eta Pelax taldeek girotuko dute Matadeixe larunbatean

Iraia Oteiza 2024ko ots. 27a, 10:08

Zuzeneko emanaldi bana eskainiko dute bi taldeek, 22:30ean hasita. Kontzertuetarako sarrera 7 euroren truke eskuratu ahal izango da Matadeiko leihatilan. 

Larunbatean bi kontzertuz gozatzeko aukera izango da Matadeixen, Gailu eta Pelax taldeak zuzenean arituko baitira bertako aretoan, 22:30etik aurrera. Sarrerak leihatilan salduko dituzte, 7 euroan.

Pelax egitasmoa Unai Pelayo musikariak jarri zuen martxan 2013 urte inguruan. Denborak aurrera egin ahala, bakarkako egitasmoa zenak talde izaera hartu du, nahiz eta oraindik ere bakarkako emanaldiak eskaintzen dituen. Bere musika ibilbidean zazpi disko kaleratu ditu Pelaxek, horietan azkena, Esan gabe doa izenekoa. Egun, Iker Vazquez bateria jotzaileak, Iñigo Ozaeta baxu jotzaileak, Andoni Olaetxea gitarra jotzaileak eta Unai Pelayo abeslari eta gitarra jotzaileak osatzen dute taldea.

Aldiz, Mikel, Okene eta Drake musikariak dira Gailu taldea osatzen dutenak. Ia hogei urtez lozorroan egon ostean, entsegu lokaletako esperimentazioek eta jolasek Gailu taldea berpiztea ekarri dute. Aro berri honetan, bIDEhUTS zigilupean bi disko kaleratu ditu taldeak. Zuzeneko emanaldietan, Marianok ordezkatzen du Drake musikaria, power trio eran taularatuz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide