Altzibar auzoa da Azkoitian zarata mailarik altuena duen eremua

Ane Olaizola 2024ko ots. 27a, 09:59

Azkoitiko Udalak herriko kutsadura akustikoa neurtzen duen azterketa egin du. Ibilgailuen zirkulazioa da biztanleengan eragina duen zarata iturri nagusia.

Kutsadura akustikoaren kudeaketa eta kontrola hobetzeko planaren barruan, Azkoitiko Udalak herriko zarata mapa osatu du. Orain arte, 2018an onartutako zarata mapa zegoen indarrean Azkoitian, baina udalek bost urtero eguneratu behar izaten dute herriaren kutsadura akustikoa neurtzen duen azterketa, eta tartean datuak hartzeko metodologiari dagokion legedia aldatu denez, udalak berria gauzatu du orain, aurrekoa eguneratu beharrean. 

Zarata mapa osatzerakoan, aireko zarata aztertzen da, eta Azkoitiko kasuan, ibilgailuen zirkulazioa hartu dute kontuan horretarako. Udalak ez du industriaren eragina aintzat hartu, ez dagoelako herri ondoan kokaturiko industria lantegi handirik, "etxebizitzetan eragin dezakeenik". Horretarako, zarata iturri nagusiak diren herriko puntu adierazgarriak identifikatu eta lekuan bertan neurtu dituzte zaratak, lekuan leku jarritako sonometroen bidez. Guztira, herriko 21 puntutan neurtu dute zarata maila, egunez (07:00-19:00), arratsaldez (19:00-23:00) zein gauez (23:00-07:00) hartutako laginen bidez. 



Ondorioztatu dutenez, trafikoaren zarata altuenaren eraginpean dagoen zonaldea Altzibar da. "Kontuan hartu behar da auzoak ondoan saihesbidea duela, baita industrialde bat ere", azaldu du lana zuzendu duen Amaia Argarate Ingurumen teknikariak. Altzibarren ondotik, zarata maila altuena duten hurrengo eremuak hauek dira, hurrenez hurren: Alde Zaharra, Julio Urkixo etorbidea, Trenbidearen Zumardia eta Auzmendi bidea. 

Azterketan jasotakoarekin, udalak ebatzi du udalerri barruko zarata mailak ez direla "bereziki handiak" ibilgailuen zirkulazioaren ondorioz. Halere, 55 dezibel baino gehiagoko mailak dituzten lurraldeen ehunekoa ez dela "hain txikia" ondorioztatu dute: udalerriaren %30 inguruk du gutxienez dezibel kopuru hori. 

Kalitate Akustikoaren Helburuen zarata mailak jasaten dituzten biztanleen zenbatekoa ere aztertu du udalak herriko zarata mapan. Kalitate akustikoaren helburuak betetzen dira baldin eta egunez zein arratsaldez 65 dezibel eta gauez 55 dezibel badaude gehienez, eta Azkoitian, helburu horiek gainditzen dituzten zaraten zenbatekoa txikia da. Izan ere, egunez biztanleen %0,38k jasaten dituzte zehaztutako helburuak baino dezibel gehiago; arratsaldez, biztanleen %0,3k; eta gauez, %1,94k. 

Hori hala, udalak ondorioztatu du "argi" ikus daitekeela egunez, arratsaldez zein gauez ibilgailuen zirkulazioa dela biztanleengan eragin handiena duen zarata iturria kutsadura akustikoaren maila handiei dagokienez, hiriguneetan ibilgailuen joan-etorria "sozialki zabal onartuta" badago ere. 

Udalaren arabera, planaren helburua da datuak esku artean izanda "neurri zuzentzaile zehatzak" berrikustea eta ezartzea, zarata maila handien eraginpean dauden pertsonen kopurua murrizten laguntzeko eta haien bizi kalitatea hobetzeko asmoz. "Herriaren argazkia edukita, etorkizunean egin daitezkeen ekintzetarako kontuan hartzeko bide orria da", esan du Argaratek.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide