Iraitz Legarra, Marta Alberdi eta Jon Joseba Aizpurua saridun, 42. Bizenta Mogel lehiaketan

Maialen Etxaniz - Aitziber Arzallus 2024ko ots. 24a, 13:03

Atzo egin zuten 42. Bizenta Mogel ipuin lehiaketaren sari banaketa ekitaldia. Lehen saria, Markiña-Xemeingo Iraitz Legarrak irabazi du Lur arrotz izeneko ipuinarengatik. Bigarren saria Marta Alberdi azkoitiarrak irabazi du Erabakia lanarekin, eta hirugarren saria, Jon Joseba Aizpurua zumaiarrarentzat izan da, San Telmoren Sua izeneko ipuinarengatik.

Banatu dituzte 42. Bizenta Mogel ipuin lehiaketako sariak. Urtero bezala, ostiralez egin zuten sari banaketa ekitaldia Azkoitiko udaletxean, eta han izan ziren saridunak, Azkoitiko Udaleko arduradunak, epaimahaikideak eta Azkoitiko Kultur Elkarteko ordezkariak. Sari nagusia Markina Xemeingo Iraitz Legarra Basterretxeak jaso du, Lur arrotz izeneko ipuinarengatik. Bigarren saria Marta Alberdi Urteaga azkoitiarrak irabazi du Erabakia lanarekin, eta hirugarren saria, Jon Joseba Aizpurua Antia zumaiarrarentzat izan da, San Telmoren Sua izeneko ipuinarengatik.

Sari banaketari ekin aurretik, Ana Azkoitia alkateak hartu zuen hitza, eta Bizenta Mogelen izana ekarri zuen gogora, emakumeek euskal literaturan egindako bidea ez ezik, egiteko duten bidea aldarrikatzeko. 

Azkoitiko Kultur Elkarteak sortu zuen Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketa, eta urteetan zehar hura arduratu da ekimena antolatzeaz udalarekin elkarlanean. Hain zuzen, azken urteetan Mikel Sudupe, Patxi Alberdi eta Maria Pilar Cuende ibili dira epaimahai lanetan. Aurten, baina, erreleboa eskatu dute, eta egindako lana aitortzeko oroigarria eman zion udalak Patxi Alberdiri atzokoan. Gainerakoek ezin izan zuten ekitaldira bertaratu, baina Alberdi hunkituta agertu zen.

Erreleboa tarteko, aurten, epaimahaikide berriak izan ditu lehiaketak, eta Yolanda Larrañagak, Juan Luis Zabalak eta Iñigo Antsorregik egin dute epai lana. Guztira, 26 ipuin aurkeztu dituzte aurtengo sariketara, eta maila handiko lanak izan direla aipatu zuen Iñigo Antsorregik. Era berean, idaztearen magiari eta garrantziari egin zion keinu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide