Haritz Aranguren: "Orain arte harri jasotzea jolas bezala hartu dudan arren, aurten txapelketaren bat jokatzea aurreikusten dut"

Maialen Etxaniz - Urtzi Oteiza 2024ko ots. 23a, 11:35
Gaztea izanagatik, erakustaldi eta erronka potoloak egin ditu Haritz Aranguren (Azkoitia, 2007) harri jasotzaileak. Urdax Magunazelaia dauka ondoan, eta harekin batera egin zuen azken erakustaldia Abadiñoko Sanblasetan. 16 urte ditu azkoitiarrak, eta orain arte harri jasotzea jolas bezala hartu duen arren, txapelketetarako gogoz dago.   

Duela gutxi erakustaldi berezia egin zenuen Abadiñoko (Bizkaia) sanblasetan 125 kiloko harriarekin. Sona izan zuen lortutakoak. Zer dela-eta egin zenuen erronka?

Abadiñon egin nuen, San Blas egunez. Nire lagun eta uneotan kidea den Urdax Magunazelaia harri jasotzaileak erakustaldia zuen egun horretan Abadiñon, eta han parte hartzera animatu ninduen ni ere. Berak inoiz plazan jasotako harri handiena jasotzeko erronka zuen, eta harekin ibiltzen naizenez, nik ere saiakera egin nuen. Horrenbestez, 125 kiloko zilindro zaharra altxatu genuen. Hiru minututan sei aldiz jasotzea lortu genuen. Gustura gelditu ginen lortutakoarekin; ondo irten zitzaigun egin nahi genuena. Polita izan zen.

Polita izan al zen?

Egia esan, egin genuen saiakera bat aurrez, baina ez ginen oso seguru joan plazara; izan ere, 125 kiloko zilindroa ez da egunero erabiltzen den harri bat, eta baditu konplexutasunak. Gainera, erakustaldietan beti egoten da urduritasun pixka bat, eta horrek beti eragiten du txarrera.

Noiz eta nolatan hasi zinen harria jasotzen?

Duela bizpahiru urte ezagutu nuen Urdax, eta harekin goenatxotarrenera joan nintzen batean probatu nuen aurrenekoz harri jasotzea. Inbidia puntua sentitu nuen, eta harria altxatzeko saiakera egin nuen. Probatu ostean, denbora asko egon nintzen berriro harririk altxatu gabe. Artean, Urdax harri jasotzea utzita zegoen, eta plazetara itzuli zenean harekin ibiltzen nintzen hara eta hona. Entrenatzera ere harekin joaten nintzen. Egun batean, txaleko batekin etorri zen, eta esan zidan probatu egin behar nuela. Egun hartan hasi nintzen harri jasotzen, orain arte.

Beraz, Magunazelaia izan zen harri jasotzera hurbiltzeko azken bultzada eman zizuna.

Bai. Ordura arte hari begira egoten nintzen, entrenamenduetan nahiz erakustaldietan. Bere txalekoa eman izanak bultzatu ninduen benetan harri jasotzen hastera. Ederra izan zen. Orduan hasi nintzen jolas gisa hartzen.

Ba al duzu inguruan zaletasuna partekatzen duen jenderik?

Bai, baditut lagun batzuk. Dena den, gehienak harrijasotze munduan murgildu ostean ezagutu ditut. Hala ere, lagunek ondo hartu dute, eta asko animatzen naute. Horrek asko balio du, haien babesa ingurukoen babesa izatea delako niretzat. 

Gaztea zara, 16 urte soilik dituzu. Nola hartu dute ingurukoek zu harri jasotzen hasi izana?

Erreakzioak askotarikoak izan dira. Badaude berria gustura jaso dutenak. Aitak, esaterako, oso ondo hartu du. Hark eramaten nau entrenamenduetara. Amari ez zitzaion askorik gustatu. Esan zidan asko sufritzeko kirola dela harri jasotzea; urduri egoten da erakustaldietara joaten naizenean, kezkatu egiten da, eta beti galdetzen dit zer moduz joan den saioa. Etxean lau bizi gara, eta arrebari ere ez zaio gustatzen ni jende aurrean aritzea, baina asko laguntzen dit.

Kanpoan aritzen zara entrenatzen. Nork laguntzen dizu prestaketetan?

Mallabian (Bizkaia) entrenatzen dut, zelaitarren etxean. Han aritzen gara zelaitarrak, Urdax eta ni. Xabier Zelailuze da nirekin aritzen dena, hark erakusten dit harria altxatzen. Zelailuze ere harri jasotzen ibilitakoa da, eta dena dut haiei eskertzeko. Dena den, prestaketa guztia ez da harriaren bueltan egiten. Beraz, Urdaxek ere asko laguntzen dit bestelako lanetan, indarra ere landu egin behar izaten baita. Mundu horretan asko ibilitakoa da bera, eta asko daki. Finean, oso gustura nago zelaitarren etxean entrenatzen, giro bikaina dago, eta asko laguntzen didate. Beraz, han jarraitzeko asmoa dut oraingoz.

Dagoeneko egin dituzu plaza batzuk.

Aurrenekoa iazko maiatzean egin nuen, Nafarroan. Harri batekin joan nintzen hara, plazen mundua nolakoa zen ikusteko asmoz. Urdaxen eta bion artean 100 kiloko zilindroari 40 jasoaldi ematen saiatu ginen, eta lortu genuen. Karrantzan [Bizkaia] ere egin nuen erakustaldi bat, Abadiñon ere izan nintzen beste batean, baita Lasturren [Gipuzkoa] ere. Hala ere, niretzako bereziena eta politena Abadiñon sanblasetan eskainitako erakustaldia izan da

Zer da orain arte harria altxatzetik gehien atsegin izan duzuna?

Harri jasotzetik gehien atsegin izan dudana gure artean daukagun giroa da, baita erakustaldiak ondo irtetean sentitzen den emozioa ere. Giro ederra baldin badago, oso herri kirol polita da harri jasotzea.

Zer asmo dituzu aurrera begira?

Orain arte harri jasotzea jolas bezala hartu dudan arren, aurten txapelketaren bat jokatzea aurreikusten dut. Txapelketetan bestelako lehia dago, eta hor ikusten da norberak eman dezakeen guztia. Hala ere, ez dakigu ziur non eta noiz izango den, horretarako hainbat proba egin eta asko prestatu behar baita. Gainera, txapelketa guztiak ez dira berdinak izaten, eta neurrikoa zein izan daitekeen ikusteko dugu oraindik. Saiatuko gara gehien atsegin dugun txapelketan parte hartzen urtea amaitzerako.

Herri kirolak puri-purian daude azken boladan, modan ere badaudela esaten dute askok. Nola ikusten duzu zuk panorama?

Ni harri jasotzen hasi nintzenean, boom handia izan zuen kirol horrek, crossfit mundutik jende asko sartu baitzen harri jasotze mundura. Hori aberasgarria nahiz pozgarria da; jende askok kirol hori egiten badu, txapelketetan jende gehiagok parte hartzen du, eta giroa ere ederragoa da. Dena den, ez dira gazte asko ikusten, gehiago dira heldutzen hasitakoak. Beraz, gazteak harri jasotzera animatuko nituzke; izan ere, modu horretan belaunaldi berriak etorriko dira harri jasotzearen mundura, eta bizi handiagoa izango du kirolak.

Zer behar du harri jasotzaile on batek?

Jende askok esango du indarra behar duela harri jasotzaile batek, baina guztiaren aurretik lana dago, baita sakrifizioa ere. Lana eta lana egiten duenak lortzen ditu emaitzik onenak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide