Azkoitia osorik izendatu ahal izango dute tentsio handiko eremu

Iraia Oteiza 2024ko ots. 23a, 09:00

Eusko Jaurlaritzak tentsio handiko eremuak izendatzeko irizpideak malgutu ditu, eta Azkoitia bere osotasunean gehitu du zerrendara. Azkoitiko Udalari dagokio orain tentsio handiko eremu izendapena jaso nahi duen ala ez balioestea eta Jaurlaritzari eskaera ofiziala egitea.

Joan den apirilean Espainiako Kongresuak onartu zuen Etxebizitza Legeak alokairuen prezioen igoera balaztatzeko neurri bat jasotzen du: tentsio handiko eremu izendapena. Azkoitiak, orain arte, soilik gune batzuetan betetzen zituen izendapen hori lortzeko baldintzak, baina hemendik aurrera, udalerria osorik izendatu ahal izango dute tentsio eremu.

Eusko Jaurlaritzak bi irizpide erabili ditu udalak tentsio handiko eremu izendatzeko. Bietakoren bat betez gero, tentsio handiko eremu izenda daiteke: bata, azken bost urteotan alokairuen prezioen igoerak KPI gehi hiru puntu gainditzea –kasu honetan, %17koa baino handiagoa izatea–; bestea, alokairuaren eta etxeko oinarrizko horniduren gastuak (ura, argindarra, etxepeko gastuak...) etxeko diru sarreren %30 gainditzea. Azkoitiaren kasuan, 2017tik 2022ra alokairu prezioak ia %20 garestitu dira.

2025eko urtarrilaren 1ean udalerri bat tentsio handiko eremu izendatua izan dadin, aurten egin behar diote udalek Jaurlaritzari izendapen eskakizuna. Ondorioz, Azkoitiko Udalari dagokio tentsio handiko eremu izendapena jaso nahi duten ala ez balioestea eta Jaurlaritzari eskaera ofiziala egitea. 

Eskualdean, Azkoitia ez da tentsio handiko eremu izendapena eskatu dezakeen udalerri bakarra, Zestoa, Zumaia eta Zarautz ere zerrenda horretan baitaude, nahiz eta Zarautzen kasuan, eremu batzuk bakarrik dauden tentsio egoeran. Horietan, oraingoz, Zestoa da aukera baliatzeko asmoa baieztatu duen udalerri bakarra. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak lantzen hasita dago jada Zestoako Udala.

Izendapenaren ondorioak

Udalerri bat tentsio handiko eremu izendatzeak ondorioak ditu, bai maizterrentzat, eta baita etxeak errentan jartzen dituztenentzat ere. Kontratua amaitzen zaien maizterrek aparteko luzapena izan dezakete, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan. Maizter berrien kasuan, berriz, alokairuaren prezioa aurreko kontratuaren parekoa izango da, urteko eguneratze klausula batekin.

Aldiz, etxe bat bost urtean alokatu gabe egon den kasuetan, prezioak muga bat izango du, eta erreferentziazko prezioen indizeen sistema aplikatuta ezarriko zaio muga hori. Halaber, tentsio handiko eremuetan etxejabe handitzat hartuko dira bost etxe edo gehiago dituztenak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide