23. Korrika

Korrikaren aldeko mendi irteera antolatu dute Xoxotera

Iraia Oteiza 2024ko ots. 22a, 10:50

2022an Xoxotera egindako mendi irteerako irudia. (Azkoitiko AEK)

Martxoaren 10ean egingo dute mendi irteera, 23. Korrika bultzatzeko asmoz. Egun horretan, 09:30ean, Balda plazatik abiatuko dira azkoitiarrak Xoxotera. Irteeran parte hartzeko, izena eman beharko da aurrez.

AEK euskaltegiak, Anaitasuna mendi bazkunak, Lagun Onak mendi bazkunak eta Agiro mendi klubak Korrikaren aldeko mendi irteera antolatu dute martxoaren 10erako. Azkoititik, Azpeititik eta Zestoatik zenbait talde abiatuko dira, eta hiru herrietatik ateratako taldeak Xoxote mendian elkartuko dira, "Korrikaren oihartzuna zabaltzeko". 23. Korrika Kulturalaren barruan antolatu dute ibilaldia.

Azkoitiarrak 09:30ean abiatuko dira Balda plazatik Xoxotera. Hala eta guztiz ere, bide laburragoa egin nahi dutenek Aittolako aparkalekutik irteteko aukera ere izango dute 10:00etan. Azpeitian, udaletxe azpian hasiko dute irteera 09:30ean; eta Zestoan, 09:15ean Gurutzen elkartuko dira, kotxez Ondarbasora igotzeko eta handik abiatzeko.

Mendi irteeran parte hartu nahi dutenek txartela erosi beharko dute aurrez, batetik, zenbateko taldeak izango diren zehazteko, eta bestetik, Xoxoteko aterpetxean mokadua zenbat lagunek egingo duten jakiteko. Azkoitian, Lujan dendan eta Zurt tabernan egongo da izena emateko aukera; Azpeitian, Mendizaliek tabernan; eta Zestoan, Portalen. 5 euroan eskuratu ahal izango da txartela, otsailaren 26tik martxoaren 7ra bitartean. Trukean, txorizo pintxoa eta edaria egongo dira tontorrean. Barazkijaleen kasuan, gazta eskatu ahal izango da momentuan bertan, txartelean txorizo pintxoa jarri arren.