Juan de la Rubia: "Azkoitiko Cavaille-Colla aukeratu nuen nire lehen diskoa grabatzeko"

Iraia Oteiza 2024ko ots. 21a, 10:35

Juan de la Rubia Azkoitiko Cavaillé-Coll organoan, duela hamabost egun. (Urtzi Oteiza)

Juan de la Rubia (La Vall d’Uixo, Herrialde Katalanak, 1982) Bartzelonako Familia Santuaren basilikako organista titularra da. Kontzertua emango du zapatuan Azkoitiko parrokian.

Musikarako zaletasuna aitarengandik datorkizu. Noiz jakin zenuen organoa jotzen ikasi nahi zenuela?

Umea nintzenetik obsesio txiki bat banuen jada organoarekin. Gure aita ez da musikaria, baina musikazale amorratua izan da betidanik, eta zaletasun hori transmititu dit txiki-txikitatik. Musika klasikoa entzuteko ohitura zuen iluntzetan, eta ohetik entzuten nuen nik, gustura. Esna egoten nintzen musika hura amaitzen zen arte. Atsegin nuen musika hura, eta bereziki, organoak txunditzen ninduen. 5 edo 6 urte izango nituen orduan. Hori dela eta, umetatik argi izan dut organo jotzailea izan nahi nuela. 12 urtera arte, baina, ezin izan nuen ikasketekin hasi, hankak ez zitzaizkidalako organoaren pedaletara iristen. Pianoarekin hasi nintzen lehenbizi, eta geroago ekin nien organoaren ikasketei.

Non egin zenituen ikasketa horiek?

Organo ikasketa nagusiak Valentziako [Herrialde Katalanak] kontserbatorioan egin nituen, Valentzia osoan han bakarrik neukalako instrumentu hori jotzen ikasteko aukera. Geroago, Bartzelonan jarraitu nuen ikasten, egun bizi naizen hirian, baina Tolosan [Frantzia], Berlinen eta Erroman ere egin ditut organoari lotutako ikastaro batzuk. Leku horietan ikasitakoari esker naiz egun naizena.

Johann Sebastian Bachen musika bereziki atsegin duzu. Hain zuzen, hark konposaturiko doinuetako batzuk interpretatu zenituen Azkoitiko Cavaille-Coll organoan duela bi aste. Zure konpositorerik gogokoena dela aitortu izan duzu behin baino gehiagotan.

Nirea bakarrik ez, Bach organo jotzaile guztientzat berezia dela esango nuke. Egia da, ordea, asko txunditzen nauela haren musikak, esanahi handikoa dela esango nuke, berezia, musika ona, ondo idatzita dagoena, doinu atseginez osatua eta harmonia landukoa. Ez dut erlijioan murgildu nahi, baina haren musika izaki jainkotiar batek egindakoa bezalakoa da, mundu honetatik at dagoen norbaitek eginikoa. Badirudi Bach izan zela jainkoaren eta gizakiaren arteko bitartekaria. Haren musika sakon ezagutzera iristen denak badaki partituraren atzean zerbait gehiago badela.

Behin baino gehiagotan izan duzu Azkoitiko Cavaille-Coll organoa jotzeko aukera. Nolako esperientzia izan da zuretzat?

Instrumentu liluragarria da, jo ditudan organoen artean gehien gustatu zaidanetako bat. Gainera, lotura estua daukat Azkoitiko Cavaille-Coll organoarekin: duela 25 bat urte izan nuen lehen aldiz instrumentua ezagutzeko aukera, 20 urte oraindik bete gabe nituenean. Euskal Herriko organo jotzaile bat baino gehiagorekin harreman estua egin nuen, eta haien bitartez ezagutu nuen Azkoitiko organoa. Txundituta utzi ninduen. Geroago, Espainiako Gazte Musikarien Lehiaketa irabazteko ohorea izan nuen, eta disko bat grabatzeko aukera eskaini zidaten, nik nahi nuen organoan. Azkoitiko Cavaille-Coll organoa aukeratu nuen nire lehen diskoa grabatzeko. Aurreneko diskoa beti izaten da berezia, eta une hori Azkoitiko organoan bizitzea erabaki nuen.

"Zerbait falta bada, organo jotzaile profesional gehiago dira, gutxi daudelako"

Urte askoan Azkoitira joan gabe izan eta gero, 2020ko udan itzuli nintzen, pandemia bete-betean. Musika Hamabostaldiaren barruan organo kontzertu bat eskaini nuen orduko hartan, baina arraroa izan zen, murrizketa ugari zeuden eta. Duela bi aste itzuli nintzen atzera, Bachen doinuekin kontzertu bat eskaintzera. Larunbatean eskainiko dut bigarren kontzertua Azkoitiko parrokian, oraingoan, Donostiako Orfeoiarekin batera.

Nolako doinuak eskainiko dituzue larunbateko kontzertuan?

Askotariko doinuak entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Koruko musika emanaldia izango da nagusiki, organoak lagunduta. Organoak doinu batzuetan indar handiagoa izango du, eta txikiagoa beste batzuetan. Estilo askotako musika eskainiko dugu, doinu modernoagoak eta barroko garaikoak tartekatuz, tartean, Hendel konpositorearen obrak. Errepertorioa bereziki publikoak gozatzeko dago pentsatuta, eta orfeoiari ospea eman dioten doinuz osatutako emanaldia izango da.

Familia Santuko organo jotzaile titularra zara. Ohorea izango da zuretzat halako kargua izatea, ezta?

Ohore handia da niretzat, noski, baina baita erantzukizun handiko lana ere. Batetik, han organoa jotzen dudanean jende askoren aurrean aritzen naiz, Familia Santua Europa osoko eta nazioarteko eraikinik bisitatuenetariko bat delako eta jende asko ibiltzen delako han. Bestetik, Familia Santuko organista izanda, noan lekura noala, kontzertu oso ona eskaini behar dudala sentitzen dut, halako mailako basilika baten izenean noanez, haren irudia jokoan dagoela uste dudalako.

Nola ikusten duzu Espainiako organo jotzaileon egoera? Nazioartean aintzat hartzen al zaituztete?

Dudarik gabe. Duela hamarkada batzuk ez zen erraza organo jotzaile espainiar batentzat atzerrian ikasketak egitea, baina, orain, askoz errazagoa da, eta askok eta askok Europako hiri ezberdinetan ikasten dute organoa jotzen. Hori izugarria da, eta prestigio handia ematen dio organo jotzaileari. Maila oso ona dago.

Zerbait falta bada, organo jotzaile profesional gehiago dira, gutxi daudelako. Egia da, organo jotzaile profesional moduan lana aurkitzea ez dela erraza, are gutxiago, elizako organista moduan, eliza askotan ez dagoelako organorik. Ez dauzka irteera profesional asko organoa jotzeak, eta horrexegatik erabakitzen du batek baino gehiagok beste musika instrumenturen bat ikastea. Pena handia ematen dit horrek. Organoa musikaren ondarearen parte da, eta zainduko duenik zein teklak laztanduko dizkionik ez badago, desagertu egingo da. Organo jotzaile berriak orain behar ditugu, gehiago itxaron beharrik gabe.