Hitzak 20 urte

Uxua Ostolaza eta Nerea Uranga: "Komunitatearen atxikimenduak inoiz baino garrantzi handiagoa du"

Ane Olaizola eta Andoni Elduaien 2024ko ots. 20a, 09:09

Tokiko informazioa euskaraz emateko asmoz, duela 20 urte ikusi zuen argia Urola Kostako Hitza kazetak. Egindako bidearen lekuko dira Uxua Ostolaza kudeatzaile zumaiarra eta Nerea Uranga kazetari azpeitiarra.

Nolakoa izan zen Urola Kostako Hitzaren sorrera duela 20 urte? 

UXUA OSTOLAZA: Berria Taldearen eta Urola Kostako tokiko hedabideen proiektua izan zen Urola Kostako Hitza. Euskaraz egunero prentsan herri informazioa emateko orduan zegoen hutsunea betetzeko helburuz sortu zen egunkaria. Izan ere, garai hartan, tokiko hedabide gehienak aldizkariak ziren, hilabetekariak, eta Internet bidezko komunikabideak ez zeuden batere garatuta. Tokiko egunkari bat jauzi handia izan zen, beraz.  
 
Urte hauetan guztietan hauxe izan da Hitza argitaratzen zuen Urola Kostako Hedabideak S.L.ren heburu nagusia: euskararen normalizaziora bidean, eskualde mailako komunikabideak osatzea. 

NEREA URANGA: Uxuak esan bezala, garai hartan eskualdean baziren euskara taldeak eta herri aldizkariak, eta eragile horietako ordezkari batzuk biltzen hasi ziren euskarazko egunkari bat sortzeko asmotan. Hitza sortu aurretik Uztarrian egiten nuen lan, eta eskualdeko egunkaria sortzerakoan bertan lan egiteko aukera eskaini zidaten; erronka berriari heldu nion. 

Urola Kostako Hitzak 20 urte bete ditu! Kontatu Hitzaz gehien gustatzen zaizuna. Idatzi bazkide@ukt.eus helbidera eta irabazi TXOPA GASTROLEKUAN bi lagunentzako jatordua



Urola Kostako Hitza sortzerako bazeuden beste Hitza batzuk ere martxan. Hitza taldeak zertan eragin zuen eskualdeetako euskarazko komunikazioaren esparruan? 

N.U. : Urola Kostakoa sortzerako Euskal Herrian beste hiru Hitza zeuden: Tolosaldean (egun, Ataria), Oarsoaldean eta Lea-Artibai eta Mutrikun. Eskualde horietan bezala, Urola Kostan ere, eskualdeko herri aldizkarien, euskara elkarteen, Euskarazko Komunikazio Taldearen (EKT) eta eskualdeko eragileen artean sortu zen egunkaria. Proiektuan eskualdeko hainbat elkartek parte hartu zuten: Txaparro (Zarautz), Uztarria Komunikazio Taldea (Azpeitia), Baleike (Zumaia), Danbolinzulo (Zestoa) eta Artzape (Getaria). Enpresaren hirugarren hanka gizarte eragileek osatu zuten. Bereziki Urola Kostako Hitzaren sorreran herritarrek harpide eginda emandako babesa nabarmenduko nuke, irakurle-harpiderik gabe 20 urte betetzea ezinezkoa izango litzatekeelako. Nire ustez, euskarazko hedabide batentzako oinarri garrantzitsuena horiek dira. 
U. O. : Hitzek ekarri zuten ikuspegi profesionalagoa izatea, ez soilik kazetaritza ikuspegitik, batik bat kudeaketari zegokionez. Gainera, sare moduan antolatu izanak elkarrekin baliabideak hobeto aprobetxatzeko balio izan zuen; horri esker gauza asko egin ditugu baliabide gutxirekin. 

"Sarean antolatzeak baliabideak hobeto aprobetxatzeko balio izan zuen"



Komunikabideak izan zuen herritarren babesa aipatu duzue. 20 urteotan, zer-nolako garrantzia izan du babesak, eta gaur egun ere hala izaten jarraitzen al du?  

U.O. : Irakurle, eragile eta erakundeen babesa izan du proiektuak hasiera-hasieratik, eta babes horrek jarraitzen du egoten. Proiektuak bideragarria izan behar du, eta horretarako ditugun diru sarrerak harpidetzetatik, publizitatetik eta diru laguntzetatik datoz. Eta beti izan ditugu bidelagun gure herrietako irakurleak, eragileak, merkatariak eta erakundeak. Beraien ekarpenik gabe ezin izango genituzke gure proiektuak aurrera atera.  

Gaur egun eta etorkizunari begira, inoiz baino garrantzi handiagoa izango du gure komunitatearen atxikimenduak eta babes ekonomikoak. Komunikabideen mundua gero eta konplexuagoa da, gero eta baliabide gehiago behar dira gaur egun dauden kontsumo ohiturei erantzuteko, eta ezinbestekoa izango da inplikazio handiagoa herritarrengandik. Egun, milaka irakurle dauzkagu Interneten, eta beharrezkoa izango da haiek ere jabetzea egunero argitaratzen dugun eduki horrek guztiak lan handia duela atzean, baliabideak behar direla eta finantzazioa ezinbestekoa dela. 

20 urteko ibilbidean, zein izan dira momentu aipagarrienak?

N.U.: 2004ko otsailaren 20ko Urola Kostako Hitzaren sorrera ekitaldia da une aipagarrienetako bat. Hilabete inguru generamatzan lantaldekook egunkaria maketatzen ikasten... eta lehen zenbakia jendaurrean aurkeztu genuen egun hartan, Zarauzko Zinema pilotalekuan. Gogoan dut egunkariaren lehen zenbakiaren aleak erredakzioan jaso, eta lasterka eraman genituela aurkezpen ekitaldira. Justu egun hartan Espainiako Audientzia Nazionalaren aginduz Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuela urtebete zen  –laster, baina, 2003. urtean bertan sortu zuten Berria, euskara hutseko egunkari nazionala–. Egunkaria itxi eta urtebetera  ezagutu zuten herritarrek eskualdeko produktu berria: Urola Kostako Hitza. 

"Oinarri garrantzitsuena harpideak eta irakurleak dira"



Eskualdeko egunkariaren lehen urteurren borobilak ere ondo gogoan ditut. Lankideok antolatzen genituen, Hitzaren harpideekin batera ospatzeko. Izan ere, euskarazko hedabide batentzako ezinbestekoak dira urteroko diru ekarpena egiten duten harpide-bazkide guztiak. 

Gainontzean, eguneroko lanak eskaini dizkidan une gaziak eta gozoak asko izan dira. Batzuk berri oso-oso onak emateko lan egindakoak, eta beste batzuk, berriz, inoiz emango ez nituzkeenak emateko egindakoak. 

U.O.: 2009-2010. urteetako hausnarketa prozesua gogoratuko nuke nik: urte zailak ziren, finantzaren eta prentsaren krisi betean baikeunden, eta proiektua berriz definitu behar izan genuen: egunkariaren argitalpen egunak murriztu, Interneterako baliabide gehiago jarri, diru sarrera berriak topatu eta komunikazio zerbitzuak eskaintzen hasi, lantaldea berrantolatu…   

2011n, bestalde, eskualdeko euskarazko herrietako hedabideekin hausnarketa eta elkarlan bideak hasi genituen, kazetaritza eta kudeaketa lanak modu eraginkorragoan egiteko. Hain zuzen, 2017an, elkarlan horretatik ondorioztatu genuen egitura oso txikiak genituela euskarazko tokiko hedabideok gero eta konplexuagoa den informazioaren  munduari modu profesionalean heltzeko eta digitalizazioaren  erronkei erantzuteko. Beraz, hedabide guztiak egitura bakarrean integratzea aukera ona izan zitekeela iritzita, gaia aztertzeari ekin genion, eta horrela sortu zen 2019an Urolako Komunikazio Taldea.

"Gukarekin etorriko dira produktu eta zerbitzu digital berriak"



Kazetaritza izugarri aldatu da azken hogei urteotan. Nola oroitzen dituzue hastapenak? Eta nola eragin dute teknologia berriek eta Internetek tokiko kazetaritza lantzeko moduan? 

N.U.: Lan egiteko modua asko aldatu da, bai horixe. Orain dela hogei urte erredakzioetan faxa ezinbestekoa zen; gutun eta ohar asko faxez jasotzen genituen. Gaur egun, ez dago horrelako tramankulurik gure erredakzioetan. Teknologia berrien eraginez, lan asko azkarrago egiteko modua dago eta informazioa ere arinago jasotzea ahalbidetzen dute. Era berean, ordea, aurrez aurreko harremana murriztu egin da; esaterako, garai batean gaur egun baino herritar gehiago etortzen zen gure erredakzioetara. Guk, tokiko hedabideak izanda, horretan abantaila badugu, informazio iturri direnak gertu ditugulako, ondoan bizi garelako eta haietako gehienekin hurbileko harremana dugulako, konfiantzazkoa. 

Duela bost urte, Urola Kostako Hitzak UKT kooperatibara egin zuen salto. Zergatik? 

U.O.: Lehen esan bezala, egitura txikiegiak geneuzkan gero eta konplexuagoa den informazioaren eta komunikazioaren munduari modu profesionalean heltzeko eta digitalizazioaren erronkei erantzuteko; horregatik batu ginen kooperatibara. 

UKTra batzeak zertan aldatu du lan egiteko modua?

N.U.: Teknologia berrien eta Internetaren sorrerarekin batera, tokiko komunikabideoi ere erronka berriak sortu zaizkigu; sare sozialak direla, ikus-entzunezkoen kontsumoa... Euskaraz ere eragin egin behar dugu komunikazio bide guztietan, eta, horretarako, informazio kontsumoaren garai berrietara egokitzen joan beharra daukagu, euskarak nahiz euskarazko informazioak eta edukiak bere tokia izan eta irabaz dezaten. Urola Kostako Hitza sortzeko orduan, eskualdeko herrizkako talde gehienek bat egin zuten erronka aurrera eramateko. Orain, UKT sortuta, esku artean ditugun erronkei aurre egiteko indarrak batu ditugu.
 
2024an Guka marka kaleratuko dela iragarri duzue. Zer da Guka, eta zergatik marka bateratu bat? 

U.O. : UKTren marka berria da Guka, gure argitalpen guztiek hartuko duten izen komuna. Baina Guka marka soila baino gehiago da, aurrera egiteko estrategia bat da: ‘Gu’ sendotu eta zabaldu nahi ditu, lehen esandakoaren bidetik, ezinbestekoa delako komunitatearen atxikimendua indartzea. Gukarekin etorriko dira produktu eta zerbitzu digital berriak, eta herritarrak kide egiteko Gukakide formula berria ere bai. 

Noiz kaleratuko da Guka, eta zer ekarriko du proiektuak?

U.O.: Dena ondo bidean, udaberrian aurkeztuko dugu Guka, eta izango dugu herriz herri ospatzeko aukera ere. Gukak, batez ere, gure herrietan euskarazko komunikabideei etorkizuna ziurtatzeko bide bat ekarriko du. Etorriko dira produktu berriak: adibidez, Guka aplikazioa, batik bat, profil digitaleko kide berrien ohiturei erantzuteko. Eta etorriko dira gauza gehiago, Guka gizartearen joerei erantzutera datorrelako. Orain arteko harpidetza eta bazkidetza sistemak ere Gukakide formula berrira integratuko ditugu, eta aukera berriak izango dira, batik bat digitaleko erabiltzaileentzat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide