Azken jardunaldia gazi-gozoa izan da Iraurgirentzat

Nerea Uranga 2024ko ots. 18a, 18:29
Juaristi ISBren eta Melillaren arteko partida, atzo Azpeitiko kiroldegian. (Mikel Amenabar)

Iraurgi saskibaloi klubaren bi talde nagusiek jokatu dute Azpeitiko kiroldegian asteburu honetan, neskek aurrena eta mutilek ondoren. Galdu egin dute batzuek, eta besteek irabazi. Iraurgi SBren 50. urtemugari lotuta, klubeko boluntarioen taldea eta Luis Oyono eta Joseba Ibargutxi omendu dituzte.

Atzo arratsaldean Iraurgi saskibaloi klubeko bi talde nagusiek jokatu zuten Azpeitiko kiroldegian.

Aurreneko norgehiagoka, 16:00etan hasita, LF2 mailako Domusa Teknik ISB eta Unilever Viladecans Dischele 65 taldeen artekoa izan zen. Etxeko neskak aurrea hartuta hasi ziren jokoan, eta lehen bi laurdenetan gainetik ibilita, 38-31 iritsi ziren atsedenera. Hortik aurrerakoak, ordea, bestelakoak izan ziren ISBko emakumeen taldearentzako, markagailuan aurkariak gerturatzen joan zitzaizkielako; hala, hirugarren laurdena puntu bakar baten aldearekin (57-56) bukatu zuten. Partida bukatzeko lau segundoren faltan 67-68 aurrea hartu zien aurkariek, eta 67-70 galdu zuten.

Domusa Teknik ISBren eta Viladecansen arteko partida, atzo Azpeitiko kiroldegian. (Mikel Amenabar)

Zilarrezko LEB mailako Juaristi ISBren eta Melilla Ciudad del Deporte taldearen arteko partida jokatu zen emakumeenaren ondoren, 19:00etan hasita. Kasu honetan, emaitza bestelakoa izan zen: gozoa. Izan ere, Iraurgiko mutilen talde nagusiak 80-77 irabazi zuen. Partida nagusitasunez hasi zuten Juaristi ISBkoek, lehen laurdena hamabi puntuko errenta aterata bukatuz, 27-15. Bigarren laurdenean aldea pixka bat gutxitu egin zen bi taldeen artean, baina atsedenera bederatzi puntuko abantailarekin (47-38) iritsi ziren. Hirugarren laurdena ere aurretik amaitu zuten Iraurgikoek, 65-57. Partidaren bukaerako zatian, baina, hortzak estutu behar izan zituzten etxeko jokalariek, aurkariak aldea murrizten joan zirelako markagailuan. Estu-estu, baina 80-77 irabazi zuen Juaristi ISBk.

50 urteurreneko omenaldiak

Atzoko Iraurgiren bi partidetan ere, saskibaloi klubaren 50. urteurrenari lotutako aitortzak egin zituzten. Domusa Teknik ISBren partidan, klubeko boluntario taldearen lana omendu zuten, eta talde horren ordezkari gisa, Stephanie Thurmanek eta Mikel Labianok jaso zuten aitortza.

Iraurgi saskibaloi klubeko boluntario taldearen ordezkariei omenaldia, atzo Azpeitiko kiroldegian. (Mikel Amenabar)

Juaristi ISBren partidan, berriz, Iraurgin jokalari izandako bi omendu zituzten: Luis Oyono –klubaren lehen fitxaketa– eta Joseba Ibargutxi –azpeitiarra edota azkoitiarra izan gabe kapitaina izatera iritsi zen lehena–.

Luis Oyonori eta Joseba Ibargutxiri omenaldia, atzo Azpeitiko kiroldegian. (Mikel Amenabar)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide