ERALDATZEN - INOIZ EZ

Bi musika talde, bidea egiteko

Maialen Etxaniz 2024ko ots. 16a, 09:34

Kontzertu bana eskainiko dute gaur (23:00) Eraldatzen eta Inoiz Ez taldeek Azkoitian. Talde berriak dira biak, baina badute esperientzia. Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako harrobietatik sortu dira.

Urola Erdiko musikaren harrobiak fruituak ematen jarraitzen du. Hainbat dira azken urteetan sortu dituzten musika taldeak, eta horietako bi dira Inoiz Ez eta Eraldatzen. Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan dituzte erroak oro har, eta gaur gauean zuzeneko bana eskainiko dute Azkoitiko Zurt tabernan (23:00). Entzuleekin batera, musikaz eta musikarekin gozatzeko gogoz daude. Eraldatzen taldearentzat lehen kontzertua izango da gaurkoa.

Azkoitiko taldea da Eraldatzen, baina musikari guztiak ez dira azkoitiarrak. Hain zuzen, Oihan Otaegi eta Nestor Aguado azpeitiarrak, Iñaki Odriozola azkoitiarrak eta eta Alvaro Guinea salamancarrak –Cabrerizos herrikoa– osatzen dute Eraldatzen. Istorio bitxia gordetzen du taldearen sorrerak.

Otaegi taldeko baxu jotzailea da, eta hark ondo ezagutzen ditu hastapenak, bera baita sustatzaileetako bat. Otaegi: "Lanean ezagutu nuen Nestor. Musikak lotu izan gaitu beti, eta askotan joaten nintzen haren etxera musika entzutera eta gitarra jotzera. Konfinamenduan baxua erosi nuen, eta 2022an, Azkoitiko Udalak dituen lokaletara sartu ginen Nestor eta biok elkarrekin musika sortzeko. Han ezagutu genuen Alvaro, gaur egun taldeko bateria jotzailea dena. Burgosen (Espainia) zuen taldearen  –Sioque– abestiak entseatzeko sartu zen lokalean, eta azkenean, elkarrekin jotzen amaitu genuen. Orduan ekin genion abestiak sortzeari". Ahotsa falta zuten, ordea, eta hainbat proba egin ostean, 2023ko uztailean, bide desberdina hartu zuten, Iñaki Odriozolarekin harremanetan jarri ostean. Odriozolak ibilbide luzea du musikaren munduan; Mondokane musika taldearekin hiru disko plazaratu zituen, eta gaur egun, Dellient taldeko kidea ere bada. Eraldatzenekoek "konexio handia" izan zuten harekin lehen unetik. Horrela kontatu du Otaegik: "Proposamena entzun ostean, entsegu batera etorriko zela esan zigun. Inprobisatzen hasi zen abestiak entzun orduko. Oso ondo moldatu ginen, eta gurekin hasi zen lanean".

Eraldatzen musika taldea.

Oraingoz, bederatzi abesti sortu dituzte, hitzez jantzitakoak. "Esperientzia pertsonaletik egindako hausnarketak ez ezik, kritika sozialeko gaiak" jorratu dituzte abestietan. Sortzen duten musikak nondik edaten duen galdetuta, azaldu dute musika mota desberdinak entzuten dituztela, baina taldeak Berri Txarrak eta Kuraia musika taldeen eragina duela uste dute. "Euskal musikan ezagunak diren bi talde horiek dira gugan eragin zuzenena izan dutenak", dio Eraldatzeneko baxu jotzaileak. Hala ere, nabarmendu du "denetarik" entzuten dutela. Gainera, sortu dituzten kantuak "elkarrekiko oso desberdinak" direla diote, eta, horrenbestez, ez dutela estilo zehatz bat jarraitzen.

Gaurkoa izango da talde bezala eskainiko duten lehen zuzenekoa, eta «oso urduri» daude, baina motibatuta: "Zurten jotzea aukera oso polita da guretzat, eta are gehiago Inoiz Ez taldeko kideekin batera jotzea, esperientzia handiko jendea baita". Etorkizunera begira, abestiak grabatzen joatea eta zuzenekoak lotzea da Azkoitiko taldearen helburua. Uneotan, bi abesti grabatzen ari dira, eta aurreratu dute uda aurretik bost kanta estudioan grabatzeko asmoa dutela. Ondoren, plataforma digitaletan jarriko dituzte entzungai, taldearen musika hedatzea xede. Dena den, asmo nagusia zuzenekoak lotzen joatea da. Oraingoz, kontzertu bat dute itxita, Madrilen.

Esperientziadunak, batuta

Eraldatzenekoak ez bezala, oholtzak probatutakoak dira Inoiz Ez musika taldekoak. Iaz eskaini zituzten lehen zuzenekoak talde bezala, baina gehienak sekula ez dira oholtzatik jaitsi; izan ere, aurrez beste musika talderen batean ibilitakoak dira Inoiz Ezekoak. Besteak beste, Polybius, Kasik eta Grises taldeetan aritutako musikariak batu ditu Inoiz Ez bandak. Ion Andreu azkoitiarrak eta Aitor Korta, Raul Olaizola, Hektor Larrañaga eta Narayan Paz zestoarrek osatzen dute Inoiz Ez musika taldea. Iaz ondu zuten aurreneko diskoa eta, orain, sortutako abestiak hedatzeko lanean dabiltza.

Andreu da taldearen ahotsa, eta hura izan zen taldera batzen azkenengoa. Haren hitzetan, "Polybiusen errautsetatik" sortutako taldea da Inoiz Ez. Abeslari azkoitiarrak ibilbide ederra egin zuen Kasik musika taldearekin, baina 2015ean Azpeitian emandako agurreko kontzertuaz geroztik, ez du beste talderik izan. Hori bai, azaldu du, sekula ez duela musika baztertu. Beraz, pozik hartu zuen zestoarren proposamena.

Inoiz Ezekoak proiektuarekin hasita zeuden musikari azkoitiarra taldean sartzerako, eta behin hura batuta, melodia berriak gehitu eta abestietako hitz batzuk aldatu zituzten, abestiei beste gorputz bat emateko asmoz. Orain, zazpi bat abesti dituzte sortuta eta grabatuta. Zuzenekoetan, haien abestiak ez ezik, Polybiusen abestiak ere eskaintzen dituzte. Etiketarik ez diote jartzen taldeari. "Rock alternatiboa izan daiteke", baina ez dira ezaugarri zehatzak jartzearen aldekoak. Melodia koloretsuak, erritmo ilunak eta gitarra landuak dira taldearen ezaugarrietako batzuk. "Abestiak elkarrengandik oso desberdinak dira. Esan daiteke, oraingoz, ez dugula gure bidea guztiz zehaztu", azaldu du abeslariak. Hori bai, orain arte "oso eroso" sentitu dira eskainitako kontzertuetan. "Eskualdean eman ditugu zuzuzeneko gehienak, baina kontzertuak eskaintzeko irrikaz gaude, eta hori da gure nahia aurrera begira". 

Bizitzako askotariko arrazoiak tarteko, ez dute denbora askorik taldeari eskaintzeko, baina ahal duten neurrian sortzen jarraitzen dute Inoiz Ezeko musikariek. Aurrera begirako asmoez galdetuta, Andreuk dio askotan galdetu izan diotela hori haien buruari, baina, oraingoz, diskoa aterata –plataforma guztietan dago entzungai–, oholtzetara igotzen jarraitzea da nahi dutena. Gaur gaueko kontzertuan ere gozatzera irtengo dira musikazale azkoitiarren aurrera.

Inoiz Ez musika taldea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide