Zuriak eta beltzak eskualdeko tauletan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 14a, 14:00
Judith Goenaga, Anaitasuna Kakute xake taldeko jokalaria. (Utzitakoa)

Beste kirol batzuekin alderatuta xakeak oihartzun txikia badu ere, Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Zarautzen eta Zumaian taldeak dituzte. Dena den, guztiek ez dute egoera bera bizi. Goraldian dira batzuk, eta suspertuko dituen jokaldiaren bila besteak.

Orotariko kirol taldeak ditu Urola Kostak: arraunekoak, eskubaloikoak, futbolekoak, pilotakoak, saskibaloikoak... Guztiek ez dute indar eta kirolari kopuru bera, noski, baina argi dago zabala dela aukera. Zentzu horretan, bada oihartzun handirik izan ez arren, jokalari nahiz talde dezente dituen kirol bat eskualdean: xakea.  
 
Gaur-gaurkoz lau herritako taldeak aritzen dira Gipuzkoako Xake Ligan: Azkoitiko Anaitasuna Kakute; Azpeitiko Xaputarrak, nahiz eta Domusa Azpeitia izenarekin lehiatzen duen; ZKE Zarauzko Kirol Elkartea eta Zumaiako Kbi. Getarian ere bazuten taldea, "baina jendea falta zuten, eta azken urteetan ez dute osatu", zehaztu du Xabier Aranzabal (Zumaia, 1997) Kbiko xake jokalariak. "Xakea ez da futbola, bigarrenari sekula ez zaio jokalaririk faltako. Gure kirolean, ordea, ohikoa da urte batetik bestera taldeak desagertzea jokalaririk ez dagoelako", gaineratu du. 

Judith Goenaga (Anaitasuna Kakuteko jokalaria): "Osabari esker zaletu ginen xakean aritzera anaia eta biok amonaren etxean"



Hain justu, Getariako Elkano izan zen Aranzabalen lehenengo taldea. 2019an aritu zen bertan, artean Zumaian talderik ez zegoelako: "Kide gutxi zirenez, inguruko herrietako jokalarioi deitu ziguten haiekin joateko. Inflexio puntua izan zen niretzat, txikitatik xakea gustuko izan dudan arren, ordura arte sekula ez nintzelako talde batean lehiatzera ausartu, lotsagatik. Online jokatzen nuen, batez ere, eta taldean aritu nintzen lehenengo urte hartan asko hobetu nuen. Hurrengo urtean atera zuten Kbi taldea herrian, eta ni ere batu nintzen". 

Hiru talde ditu orotara Kbik. Bana Gipuzkoako ligako kategoria bakoitzean, gorenean salbu, Preferenten. Horregatik, "Lehenengo Mailatik Preferentera igotzea" dute helburu, Aranzabalek nabarmendu duenez.

Xabier Aranzabal (Kbi xake taldeko jokalaria): "Txikitatik izan dut xakea gustuko, baina lotsagatik berandu hasi nintzen taldean"


Pandemiaren bi aurpegiak

Andoni Etxabe (Zarautz, 2003) Preferente mailan aritzen da, hain justu, ZKErekin. Nolanahi ere, Lehen Mailan aritzeko fitxa du berez. Maila handikoak dira Preferenteko jokalariak, eta ilusioz dago emaitza onak lortzen ari delako taldea. Dena den, kezkatuta ere badago errelebo falta ikusten duelako eskualdeko xake talde zaharrenean. Zentzu horretan, zehaztu du 1944an ZKE sortu eta hurrengo urterako bazuela xake atala elkarteak.

Gaur egun, Etxabe bera eta 16 urte inguruko beste bi jokalari dira jokalari gazteenak, eta horrek talde kopuruan ere izan du eragina, murriztu egin baitute kopurua azken urteetan. 2019an sei izatetik bi izatera igaro ziren.

Hori horrela, herriko haurren artean xakea sustatu nahi dutela dio zarauztarrak: "COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz eten behar izan genuen Xake Festa –Orokieta herri eskolan egin izan dugun haurrei zuzendutako txapelketa– berreskuratu nahi dugu. Horrez gain, herriko ikastetxeetan xake eskolak emateko asmoa dugu gaztetxoei jokatzen erakusteko, eta, aldi berean, herrian xake taldea dugula ikusarazteko. Hori guztia egiteko, ordea, baliabideak behar dira, eta une honetan ez ditugu behar adina". 

Andoni Etxabe (ZKEko xake jokalaria): "Haurren artean xakea sustatu nahi dugu, eta taldea dugula ikusarazi"



ZKEk bezalaxe, Azpeitiko klubak ere talde gutxiago ditu aurten: Lehenengo Mailan aritzen dena baino ez. Dena den, Iñaki Uranga (Azpeitia, 1978) presidenteak azaldu duenez, arazoa ez da jokalari falta, horien adina baizik: "40 bat ume ditugu taldean, baina oso gaztetxoak dira gehienak. 10 urtetik gora izan behar dituzte ligan jokatu ahal izateko". Nolanahi ere, hainbeste haur izateak beste arazo bat ere sortu diela dio Urangak: "Jada hainbat urte daramatzaten haurrak ditugu eta hasiberriak ere bai, aldi berean. Horregatik, alde handia dago batzuek eta besteek duten mailan. Horrek asko zailtzen du eskolak aurrera eramatea, taldeetan banatu behar ditugulako eta gutxi garelako xake eskolak ematen ditugunak".

Anaitasuna Kakuten ere «nabarmen hazi da haur kopurua», Judith Goenagak (Azkoitia, 1998) azaldu duenez; izan ere, goraldi betean da taldea bere 45. urteurrenean. Azken 25 urteetako bazkide kopuru handiena dute, eta arduradunen ustetan, pandemia eta Gambito de Dama telesaila dira horren erantzule nagusiak: "Xakean online jokatu dezakezunez, jende asko zaletu zen etxetik atera ezin genuenean. Telesaila ere garai hartan estreinatu zuten, eta, sekulako arrakasta izan zuenez, jende asko erakarri zuen".

Azkoitiko taldera batu diren gaztetxo horien guztien artean hainbat neska ere badaude, eta horrek ahalbidetu du txapelketarekin batera neskez soilik osatutako taldea aurkeztea. Hala egin dutenean, Goenaga jarri dute kapitain; izan ere, Anaitasuna Kakutera batu zen lehenengo emakumea da, eta nesken taldea sortzea proposatu zuena, hain justu. 

Iñaki Uranga (Xaputarrak taldeko presidentea): "Xake eskolak antolatzeko zailtasunak ditugu gutxi garelako"


Familiatik datorkio


Goenagak azaldu duenez, Bigarren Mailan dagoen Anaitasuna Kakuteko B taldearekin jokatzen ditu Gipuzkoako ligako partidak, nahiz eta jokatu izan duen bakarren bat Preferenteko taldearekin ere. Hamar urte baino gehiago dira taldera batu zenetik, eta oroitu duenez, "osabak jokatzen zuelako" animatu zen: "Amonaren etxean elkartzen ginenean erakutsi zigun xakean jokatzen niri eta anaiari. Bi ilobak zaletzea lortu zuen, anaiak ere jokatzen baitu herriko taldean".

Anaitasuna Kakuteko xake jokalari gazteak argitu duenez, osabak ere Azkoitiko taldean jokatzen zuen, hasiera batean, baina Azpeitiko taldea sortu zutenean hara mugitu zen, "azpeitiarra delako". Gainera, taldearen sorreran bete-betean parte hartu zuen eta taldeko presidentea da hastapenetatik; izan ere, Iñaki Uranga da Goenagaren osaba. Hain justu, hil honen 26an, astelehena, beteko dira hamar urte Xaputarrak sortu zutenetik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide