Erretratua

Xabier Barquero: "Etxetik datorkit herriaren alde lan egiteko grina"

Naia Arrizabalaga 2024ko mar. 5a, 09:30
Xabier Barquero. (Marrazkia: Gorka LarraƱaga)

Xabier Barquero erizaina da ofizioz, eta antzezlea afizioz. Eibarko ospitalean aritzen da lanean, errehabilitazioan zein zainketa paliatiboetan, eta Debabarreneko zenbait proiektu aurrera eramaten. Bigoterik Gabea taldearen zuzendaria da, eta konpainiaren antzerki obrak gidatu izan ditu. Eta herriko hainbat ekimenetan ere parte hartu izan du.

Erizaintzak eta antzerkigintzak ez dute elkarrekin loturarik, hasiera batean behintzat, baina Xabier Barquerok (Azkoitia, 1997) biak ditu pasio. Aurrenekoa ofizioa du; eta bigarrena, afizioa. Biei lotuta ari da ibilbide pertsonala ea profesionala garatzen, eta herrigintza ere badu aurrez aurre, hainbat proiektutan buru-belarri murgildu baita, hala nola Xabier Munibe Ikastolaren 50. urteurrenean eta aurten ospatzen ari diren herriaren zazpigarren mendeurrenean.

Eibarko ospitalean dihardu lanean Barquerok, errehabilitazio zein zainketa paliatiboen sailean, eta haren hitzetan, lantaldean duen "giro ona" da gehien asetzen duena. Pazienteengandik gertu egoteagatik hautatu zuen lanbidea, eta pandemia garaian hasi zen beharrean, COVID-19aren ondorioz ospitalean sortu zuten solairu batean. Izurriaren hasieran une gogorrak bizi izan zituen arren, "esperientzia oso positiboa" izan zela baieztatu du. Taldea berria zein gaztea izateak lanerako motibatu egiten zuela oroitu du azkoitiarrak. Gainera, ia hiru urte erizain modura lanean igaro ostean, bizitzari "beste ikuspuntu batetik" begiratzen ikasi duela azaldu du erizainak: "Zainketa paliatiboek heriotzaren beste aldea ikusten lagundu didate". Hain zuzen, heriotza "polita zein ona" izatea posible dela azaldu du hark.

Antzerki ibilbidea taldean

Antzerkiak ere leku garrantzitsua du erizainaren bizitzan. Haurra zela eman zituen antzerkian lehen pausoak: "5 urte nituenean nire gelan txotxongiloen emanaldi bat antolatu nuen", ekarri du gogora. Ibilbideari jarraipena emanez, Xabier Munibe Ikastolako antzerki eskolan izena eman zuen, eta ordutik, antzerkian ibili izan da antzezle zein zuzendari modura.

Barquerok azaldu duenez, antzerki eskolan lagun taldeak sortu ziren, baina adinagatik guztiek ezin zuten taldearen parte izan. Hain zuzen, guztiak taldeko kide izateko sortu zuten Bigoterik Gabea taldea herriko zenbait gaztek. Barquero taldeko zuzendaria da, eta hark gidatu ditu konpainiaren zenbait obra ere: K-Baret, besteak beste: "Taldea sortu genuenean, hura koordinatzen aritzen nintzen, eta, nolabait, hortik sortu zen ni antzezlanen zuzendari izateko ideia".

Taldearen leloa hasieratik argi izan zuten kideek: "Kultura egin, eragin eta bultzatu". Konpainiak, hasieran, herrira egin zuen salto, eta pixkanaka ospea lortu zuen, zuzendariaren hitzetan: "Kontuk eta komeriak antzezlanarekin hasi ginen, eta K-Baret obrara arte, handitzen joan zen ospea; gu geu ere profesionalago bihurtu gara". Horretarako, norberaren jakintza besteekin elkarbanatzea beharrezkoa izan da Barquerorentzat.

K-Baret musikala izan zen Bigoterik Gabea taldeak aurkezturiko azken lana, baina zuzendariaren arabera izurriak obraren arrakasta oztopatu zuen: "Ixtear genituen kontratu asko bertan behera geratu ziren, eta egoera normaltasunera itzuli zenean, herri askotan ezin izan genuen obra taularatu". Hala eta guztiz ere, izurrite garaian taldeak Viktoria Eugeniara heltzea lortu zuten, eta Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan publiko gehien bildu zuen antzerki obra izan zen.

Hasieran antzerki konpainia izateko sortu bazen ere, gaur egun kultur elkarte izaera du Bigoterik Gabeak. Gainera, uneotan, antzerki obra berri bat sortzen ari da, baina kontzertuak eta bestelako emanaldiak ere egiten ditu. Horrez gain, hango kideak antzerki eskolan ere aritzen dira lanean, eta, orotara, 50 ikasle dituzte: "Gazteak antzerkira bultzatu nahi baditugu, garrantzitsua da eskola bat izatea, afizioa sor dadin".

Herriko sortzaile eta proiektuak

Herriko zenbait proiektutan ere aritu izan da Barquero, eta herriaren alde lan egiteko grina etxetik datorkiola argi du hark: "Etxekoek lan asko egin izan dute, batez ere Anaitasunan, emakumeen futbolaren alde; bai gurasoek, eta egun, baita anaiak ere".

Hain zuzen, Xabier Munibe Ikastolako 50. urteurrenaren lan batzordea zein Gurea frontoian eskainitako emanaldia zuzendu zituen hark. Proiektu horretan murgildu zenean, sentimenduek asko eragin zioten azkoitiarrari: "Xabier Muniben ikasi nuen, amak bertan egiten du lan, eta nik, berriz, hango antzerki eskolan".

Barqueroren lana ikuskizunaren ideia artistikoa zuzentzea izan zen: "Talde txikiak osatu genituen, eta talde bakoitzak koordinatzaile bat zuen. Ondoren, koordinatzaileak batzen ginen". Zuzendaria "oso eskertuta" dago izan zuen lantaldearekin, bere hitzetan, guztiek eman baitzuten "beren onena".

Urteurrenei jarraiki, Azkoitiko 700. urteurrenaren lan batzordean murgilduta dabil egun, eta herriko proiektuetan "aurpegi berberak" ikustea ohikoa den arren, oraingo honetan jende berriarekin topo egin duela adierazi du. Lan egiteko moduari dagokionez, batzorde orokorra osatzeaz gain, azpitaldetan banatzen dira, eta eragile desberdinekin daude harremanetan. Izan ere, Barquerok jakinarazi du lantaldearen asmoa dela herriko sortzaileen lana koordinatzea: "Bigoterik Gabean Kimuak izeneko proiektu bat genuen eskuartean, zeinak herriko sortzaileak ezagutaraztea zuen helburu, eta egitasmo horretatik ideiak hartzen ari gara".

Afizioa eta ofizioa uztartzeak denbora eskatzen badio ere, murgiltzen den proiektu bakoitzean guztia ematen saiatzen dela ziurtatu du Barquerok, "pasioz eta konstantziaz". Halako egitasmoetan jendea zein erakundeak konbentzitzea zaila izaten dela esan du, baina guztiaren gainetik, herriko taldeei garrantzia eman behar zaiela azpimarratu du: "Askotan kanpoko taldeei begiratzen diegu, eta ahaztu egiten gara herriko sortzaileak bultzatzeaz".

Motzean:

  • Adina: 26 urte.
  • Ikasketak: Erizaintza gradua eta Erizaintzako Kudeaketa eta Zuzendaritza masterra.
  • Lanbidea: Erizaina.
  • Erizaina ez banintz… irakaslea izango nintzateke.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… kuadrillakoekin trago bat hartzea.

(Argazkiak: Kulturaz eta Maxixatzen)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide