Betikotu ezinezko bizimodua

Ane Olaizola 2024ko mar. 14a, 09:34
Arantxa Irizar Aizpurutxoko San Agustin tabernaren atarian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Berezitasun handiko auzoa da Aizpurutxo, eta haren ezaugarriak propio hartuta egin du ibilbidea San Agustin tabernak. Auzoa erdibitzen duen errepide ondoko "betiko tabernan" aurkitu du bizitzeko modua, berriz, Arantxa Irizarrek, baina erretiroa hartuta, negozioa itxi du. Mihise gainean egin diote agurra.

Berriketarako eta traturako abilezia du Arantxa Irizarrek (Antzuola, Gipuzkoa, 1956), urteen poderioz bereganatutakoa, ez baitira alferrikakoak izan ostalaritzan igaro dituen hiru hamarkadak. Aizpurutxon dagoen San Agustin tabernaren jabe izan da 34 urtez, eta 2023a agurtzearekin batera, hango ateak itxi ditu azkoitiarrak, erretiroa hartzeko. Berezitasun handiko taberna izan da San Agustin, ezinbestean auzoaren ezaugarrietara egokitutakoa; auzotarren bilgune, baita joan-etorriko beste jende askoren geraleku ere. Taberna husten, baina bezeroekin izandako harremanez bihotza beteta hartu du Irizarrek Maxixatzen.

Azkoitiarrak 1989an hartu zuen San Agustin tabernaren ardura, luzaroan abarketagintzan lan egin ondoren. Lanbide horretan aldiro langabeziara joateaz "aspertuta", jubilatu arteko lanbide baten bila hasi zen Irizar, eta hilabeteak itxita zeramatzan San Agustin tabernarekin egin zuen topo. Taberna eraberritu eta negozioa martxan jarrita, atzera bueltarik gabekoa izan zen lanbide berrian hastea, orduan ohartu baitzen jendearekin tratuan egotea zela berea: "Ikaragarri gustatu zitzaidan jendearekin hartu-emana izatea, eta neure buruari agindu nion, negozioak ondo irteten ez bazuen ere, ez nintzela makina baten aurrera itzuliko".

Solairu banatan bi jangela atondu, eta jatetxe gisara ekin zion San Agustinek ibilbide berriari. "Denetarik ematen genuen jaten", esan du Irizarrek. Ia hogei urtez jatetxe moduan iraun zuen negozioak, eta gogoan du lan askoko lanbidea zela, oso lotua: "Oso itogarria zen; gauerdia pasatuta joaten nintzen etxera, eta 05:30erako itzultzen nintzen atzera lanera. Ez nuen ezertarako betarik". Tabernan eten bat egitea erabaki zuen orduan, eta bost urtez ateak itxita izan ostean, 2012an zabaldu zituen berriz, hainbat aldaketarekin. Jatetxe izateari utzi egin zion San Agustinek, ogibidea "arinagoa" izan zedin. Azken urteetan, berriz, "are lasaiago" hartu du tabernaren egunerokoa, eta soilik hamaiketakoak eskaini izan ditu. "Horrek ahalbidetu dit jendearekin harreman gehiago egitea; bizitzeko modu bat aurkitu dut hemen".

Muga eta errepidea

Berezitasun propioak dituen auzoa da Aizpurutxo: sakabanatutako etxeek osatzen dute bailara zuloan dagoen auzo txikia, eta Azkoitia eta Urretxu-Zumarraga lotzen dituen GI-631 errepideak erdibitzen du, baita bi udalerri horien arteko bidegorriak zeharkatu ere. Horrez gain, bost udalerriren arteko muga ere bada: Azkoitia, Urretxu, Zumarraga, Antzuola eta Bergararena. Metro apurren distantzian, beraz, eraikin batzuk udalerri bati dagozkio, eta ondokoak beste bati. San Agustinen ere horixe gertatzen da: taberna Azkoitikoa da, eta errepidearen bestaldean duen biltegia, Bergarakoa.

"Gaur egun, ausartenak ere, kafea txorrostadarekin hartzen du"

Ezaugarri horiek bere izan ditu tabernak ere hasietatik. Irizarrek argi du San Agustin ez dela "ohiko taberna soil bat" izan, tabernek auzo txikietan bestelako funtzioa betetzen dutela jakitun. Hasteko, auzotarren bilgunea izan da: "Auzoko giroa zegoen hemen; lasai egoteko, tertuliarako, kartetan jokatzeko zein mokadu bat egiteko leku egokia zen hau. Horrez gain, auzoko norbaitek laguntza behar bazuen, hona jotzen zuen: 'Arantxa, pakete bat iritsiko da eta jasoko al duzu?', 'Arantxa, emango al diozu hau beste hari?'. Halakoak eskatzeko ohitura handia zuten auzotarrek hemen". Auzoaren beraren isla, urte askotan tabernan "kontraste handiko" pertsonak bildu direla azpimarratu du: "Posible zen mahai batean betiko auzotarrak karta jokoan ikustea, eta albokoan, okupa batzuk, buruan gandor handi eta guzti". Hain zuzen, gogoan ditu duela 30 bat urte auzoan dagoen tren geltoki zaharrera bizitzera joandako aurreneko okupak. "Oso kuriosoa zen; Aizpurutxo bezalako auzo batera halako jendea etortzea sekulakoa izan zelako auzotarrentzat. Tabernara ere etortzen ziren, eta batzuetan esne kaxaren bat edo eskatzen ziguten. Lehenago edo beranduago, baina beti ordaintzen zuten; legalak ziren. Auzotarrek, hasieran, xelebre begiratzen zieten, baina ondo konpontzen ziren".

Taberna errepidearen eta bidegorriaren ondoan egonik, igarobideko gunea ere izan da San Agustin joan-etorrian zihoazen pertsona ugarirentzat. "Esaterako, Donostiatik bikote bat maiz etortzen zen. Autobusez iritsi, bidegorrian paseo bat eman, eta hemen egiten zuten mokadua, elkarrekin berriketan aritzen ginen bitartean. Bezero asko izan ditut halakoak".

Hitz gutxitan esanda, "beti-betiko" taberna izan da San Agustin. "Tabernaren definizioa galdetuz gero, edateko, jateko eta erretzeko lekua dela erantzungo nuke. Eta horixe izan da gurea".

Irizar, San Agustin tabernaren atarian, Gorka Larrañaga artistak leku bereko seinalearekin egindako lan bat eskuetan duela. (Arnaitz Rubio Aprea)

"Baina gazteek ulertuko al dute zer den betiko taberna izatea?", bota du galdera airera. Irizarren hitzetan, "tripakiak, muturrak, mingaina saltsan edota txerri hankak" prestatzen dituzten gero eta taberna gutxiago dago, sukaldariak urteetan eskaini dituen moduan. Azken urteetan, errepide ondoko halako taberna ugari itxi egin direla esan du, besteak beste, jan-edanerako ohiturak aldatu egin direlako: "Taberna ireki genuen garaian, bezeroa bazkalondoren kafe konpletoa hartu gabe joatea pentsaezina zen. Izan ere, gurea bezalako menuek diru askorik ez zieten ematen tabernariei, baina bezero hark gero kafe konpletoa hartzen bazuen, horrek irabazietarako tarte handiagoa ematen zion. Alkoholemia probarekin eta takografoarekin, ordea, hori guztia desagertu egin zen; gaur egun, ausartenak ere, kafea txorrostadarekin hartzen du". Hori hala, orain berriz San Agustin taberna irekiko balu, bestelakoa izango litzateke Irizarrek eskainiko lukeena: "Eramateko menuak prestatuko nituzke. Jende askok jantokian jaten du, eta kamioilari askok kamioian bertan. Tripaki onen fama izan du gure tabernak, eta azken hiru asteetan asko saldu dut, baita eramateko ere. Gainera, ostalaritzan lan egiteko jendea falta denez, langile gutxirekin lanorduak betetzeko modua izango litzateke".

GPSarekin, tripaki bila

"Pentsatu nuen: 'Aizpurutxon arte galeria bat?'. Baina agur ederra izan zen"

Auzoak azken urteetan izan duen bilakaeraren lekuko ere izan da Irizar. Haren arabera, auzoko giroa "galdu" egin da azken urteetan, "asko" hil egin baitira, eta beste zenbait inguruko herrietara joan baitira bizitzera. "Egun, betiko hiru auzotar besterik ez dira geratzen". Batzuk joan diren moduan, beste batzuk ere heldu dira, ordea, Aizpurutxora; Gorka Larrañaga artista, kasu. Hari esker zabaldu zuten abenduan Urbasoko marmarra arte erakusketa, Irizar bera agurtzeko, eta hilabetez, arte galeria bihurtu ziren auzoko hainbat txoko. "[Gorkak] Erakusketa zabaldu behar zuela esan zidanean, zoratuta zegoela pentsatu nuen: Aizpurutxon arte galeria bat? Baina agur ederra izan zen, emozionatu egin nintzen; oso eskertuta nago".

 

Erakusketarekin batera sartu zen Irizar erretiroaren atzera kontaketan, eta azken hiru asteak "zoramena" izan ziren beretzat: "Egun batean, GPSarekin iritsi ziren aita-seme batzuk, Jon Artanori irratian entzun zielako tripaki onak egiten nituela, eta taberna itxi aurretik probatu nahi zituztelako. Jakin izan banu, lehenago esango nion Artanori itxi egin behar nuela". Umoreak ez dio hutsik egiten Irizarri hizketarako garaian, baina penaz mintzo da itxieraz, bezeroen falta sumatuko duela jakinda. "Badakit ingurukoek elkartzeko gunea galduko dutela, joan-etorrian dabiltzan beste askok, berriz, hamaiketakoa egiteko geralekua. Askok pena hartu dute, baina gelditzea behar dut". Orain arte bezero izan dituenek egin duten moduan, Irizarrek ere beste nonbaiten aurkitu beharko du zorionekoa zaion tratua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide