Loturak

Maitane Elduaien 2024ko mar. 22a, 10:00

Maitane Elduaienek otsaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: 'Loturak'.

Maxixatzen.eus-eko zenbat esteka partekatuko dira urtean? Lagunarteko Whatsapp taldeetan zenbat aldiz zabalduko dira? Datu hori ezagutzea ezinezkoa den arren, 2023an jasotako bisita kopurua ikusita, ez ziren gutxi izango.

Urtetik urtera herritar gehiagok jotzen du Maxixatzen.eus-era herrian gertatzen ari denaren berri izateko, eta hori eskertzekoa da. 11.643 biztanleko herrian egunean batez beste ia 6.000 bisita izatea azpimarragarria da. Gainera, 2020az geroztik, webguneko bisita kopuruak %21 egin du gora.

Tokiko hedabideetako bazkidetzak papereko produktuei lotutakoak izan dira urte luzez gurean. Egun Internet eta teknologia berriak tarteko, irakurle digitalak dira nagusi, eta, gainera, horietako %80k baino gehiagok eskuko telefonoetatik irakurtzen gaituzte. Erronka garbia dugu aurrerantzean: irakurle digitalak izatetik bazkide digitalak lortzera jauzi egin behar dugu. Horretan dihardugu urtebetetik gora etxe barruan.

Azkenean, 2024an iritsiko da Guka. Orain arte atari digitalean azaldu da haren logoa, baita aldizkarian eta egunkarian ere, baina ez da plazaratu. Laster hasiko gara iragartzen zer ekarriko duen. Guka eskaintza fintzen ari gara, bazkidea erdigunean jarriz. Bost urte pasatu dira Urolako Komunikazio Taldea sortu zela, eta aurten kaleratuko dugu Guka marka bateratuaren eskaintza berria, betiere tokiko kazetaritza landuz.

Aurten kaleratuko dugu Guka marka bateratuaren eskaintza berria, betiere tokiko kazetaritza landuz

Hazi egin nahi dugu, baina, horretarako, erabiltzaile=irakurle=herritarren sostengua behar dugu. Guka bazkideak, izan paperekoak, izan digitalak, behar ditugu proiektua indartzeko eta sendotzeko. UKT osatzen duten zazpi komunikabideetako webguneen atzean 34 laguneko lantaldea ari da lanean egunero, tokiko kazetaritza lantzen, herrian gertatzen ari denaren berri emateko, baina ez ahaztu, mesedez: doan ez da debalde. Webgunea doakoa izateak ez du esan nahi proiektua debaldekoa denik, zuen atxikimendurik gabe posible denik. Horregatik, lotura berriak sortu nahi ditugu egunero gure atari digitaletan nabigatzen dutenekin.

Herritarrekin dugun lotura, hartu eta emana, estutzen nahiz lantzen jarraitu nahi dugu. Beraz, zuekin eta zuei esker jarrai dezagula aurten ere Azkoitiko plaza digitala eta komunitatearen ahotsa izaten, betiere, euskaraz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide