Hitz bitan

Edgar Ramos: "Mahai jolasen merkatua asko hazi da"

Iraia Oteiza 2024ko ots. 19a, 09:51
Edgar Ramos. (Iraia Oteiza)

Edgar Ramos (Bilbo, 1982) jostailuen diseinatzailea da. Etxeetan ohikoak diren mahai jolasetako figurak egiteaz arduratzen da; egiteaz eta, zenbaitetan, baita diseinatzeaz ere. Zaletasunak eraman zuen ogibide horretan murgiltzera: 14 urterekin margotu zuen bere lehen figura, eta 20 urterekin lortu zuen bere aurreneko kontratua. Lan ibilbidean, marka ezagunentzako figurak egiteko aukera izan du, eskuz zein 3D ordenagailuaren laguntzarekin.

Azaltzerik izango zenuke zehazki zertan datzan zure lana?

Mahai jolasetarako figurak egiteaz arduratzen naiz. Jolas horiek sortzen dituzten enpresek figurak egiteko artistak behar izaten dituzte eta, hain zuzen, horixe da nire eginbeharra. Kasu batzuetan, enpresak berak marrazki batean adierazten dit nolako figura nahi duen; beste kasu batzuetan, ideia adierazten dit, eta horren araberako figura sortzen dut nik. Beraz, esan daiteke eskultore eta diseinatzaile lanak, biak, egiten ditudala.

Zein materialekin egin ohi dituzu figura horiek?

Garai batean, berunezko edo metal zurizko figurak egiten nituen, baina oraingo figuren azken produktua plastikoa izan ohi da. Moldea egiteko plastilina antzeko bat erabiltzen dut, gero labean egosi eta gogortzen dena. Ondoren, pintzelekin egiten dut gainerako lana. Zirriborroa egiten dut lehenik, eta bezeroaren onarpena dudanean, xehetasunak jartzen dizkiot figurari; hala nola, jantziak edota ilea. Lehen, eskuz egiten nuen dena; orain, 3D ordenagailuak asko erraztu digu lana.

Erraz ohitu al zara ordenagailuz lan egitera?

Denbora behar da programa ulertzeko, baina erraza da gero. Gaizki ateratzen dena aise konpon daiteke ordenagailuan, eskuz ez bezala.

Ordenagailuek lan egiteko modua aldatu dizutela aipatu duzu. Harremanetarako modua ere aldatu egin al da mahai jolasen enpresekin?

2000. hamarkadan, Interneta oraindik sortu berria zenean, sortzaileon lanak ikusarazteko eta enpresekin harremanetan jartzeko webgune bat zegoen. Handik egin nituen nire lehen hartu- emanak. Jada ibilbide bat egina dudanez, orain zuzenean nirekin jartzen dira harremanetan. Hala ere, hasiberria den batek beste bideren bati eutsi beharko dio, hasierako webgune hura jada ez delako eraginkorra.

Zu bezalako nazioarte mailako sortzaile batek lanerako bidaiatu beharra ere izango du.

Ez pentsa. Figura horiek egiteko ez da leku handiegirik behar; nahikoa dut idazmahai batekin, argi onarekin eta lan tresnekin. Urte askoan etxean egin dut lan, enpresetara ordenagailuz artxiboa bidalita nahikoa izaten delako. Eskuz lan egiten nuenean, berriz, postaz bidaltzen nituen nire lanak. Egia da enpresa batzuk lanera bertara joatea nahi izaten dutela, eta horrenbestez, atzerrian ere ibili naiz lanean, baina gehienetan Azkoitian egoten naiz.

Pandemiarekin, mahai jolasek arrakasta handiagoa lortu dutela esango al zenuke?

Hala uste dut. Mahai jolasen merkatua asko hazi da eta nire moduko sortzaile ugari daude nazioartean. 80ko hamarkadan ere antzeko zerbait gertatu zen berunezko soldadutxoekin, eta 2008ko krisi ekonomikoaren ondotik ere nabarmen igo zen mahai jolasen eskaera, jendea etxean geratzen hasi zelako.

Aipatzerik izango zenituzke egin dituzun figuretako batzuk?

Zorionez, jolas ezagun bat baino gehiagotako figurak egin ditut. Esaterako, Disney-koak, Scooby Doo-koak, eta baita Eraztunen jauna filmekoak edota Marvel etxeko super heroienak ere. Warhammer bezalako fantasiazko jokoetako figurak egitea ere egokitu zait.

Zein da halako lanak ongi egiteko sekretua?

Gustukoa izatea premiazkoa da, baina trebetasun apur bat eta pazientzia handia ere ezinbestekoak dira. Orain, ordenagailuz azkar egiten dira figurak, baina hasi nintzenean, agian hilabete behar izaten nuen figura bakarra egiteko. Egun, bizpahiru egunetan egiten dut.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide