Isilune zirkuluak elkarretaratzea egingo du ostegunean plazan

Iraia Oteiza 2024ko ots. 12a, 12:56

Isilune zirkuluaren urtarrileko elkarretaratzea. (Utzitakoa)

SOS Kanariak lelopean, migrazio krisia salatuko dute 20:00etan hasita.

Isilune zirkulua egitasmoaren hirugarren elkarretaratzea egingo dute ostegunean plazan. Egitasmoaren helburua mundu mailako "giza eskubide urraketak" salatzea da, eta horretarako "gizatasuna plazara" ateratzea. Elkarretaratzeak hileko hirugarren ostegunetan egiten dituzte, hilero "salaketa ezberdin bat plazaratuz".

Ostegun honetako elkarretaratzea migrazio krisia salatzeko izango da eta, SOS Kanariak lelopean, bereziki Kanaria uharteetako egoera gogoratuko dute. Herriko plazan elkartuko dira, 20:00etan. Aurreko elkarretaratzeetan bezala, elkartzen direnek zirkuluan birak emango dituzte, isilik, eta zirkulu horren erdian gaiari lotutako objektuak jarriko dituzte. Azkenik, mezu bat irakurriko dute, eta herritarrei informazio orriak banatuko dizkiete. Egitasmoko kideek herritar oro animatu dute elkarretaratzean parte hartzera.