Azkoitia 700 batzordeak herriko historia gogorarazteko hitzaldiak antolatu ditu datozen hilabeteetarako

Iraia Oteiza 2024ko ots. 9a, 16:18
Munoaundi aztarnategia. (Azkoitiko Udala)

Otsailetik azarora bitartean, herriko historian murgiltzeko zortzi hitzaldi eskainiko dituzte. Horietako lehena datorren ostiralean izango da, 19:00etan, Elkargunean. Aranzadi zientzia elkarteko ikertzaileek, Sonia San Jose historialariak eta Antxoka Martinez arkeologoak Munoaundi herri harresitua izango dute hizpide.

Azkoitia 700 batzordeak herriko historian murgiltzeko hitzaldi zikloa antolatu du. Otsailetik azarora bitartean, zortzi hitzaldi eskainiko dituzte. Horietako lehena otsailaren 16an, ostirala, eskainiko dute, eta Munoaundi herri harresitua izango dute hizpide Aranzadi zientzia elkarteko ikertzaileek, Sonia San Jose historialariak eta Antxoka Martinez arkeologoak. Burdin Aroan adituak dira horiek, eta Munoaundiko aztarnategian egindako prospekzio arkeologikoez arduratu izan dira. Azkoitiko aurrekari urrunen bila: Munoaundi Burdin Aroko herri harresitua izenburupean eskainiko dute hitzaldia, 19:00etan, Elkargunean.

Bigarren hitzordua otsailaren 29an izango da, eta Mertxe Urteaga arkeologoa izango da protagonista. Urteaga ezaguna da, bereziki, Arkeolan Fundazioan eta Oiasso museoan egindako lanagatik. Jentilak eta kristauak, errausketaren hileta-errituak San Martin de Iraurgin, VII. eta VIII. mendeetan hitzaldia eskainiko du, 19:00etan, Elkargunean. 

Erreleboa hartzen hurrengoa Idoia Arrieta historialaria izango da. Martxoaren 14an, Zer ezkutatzen du hiribilduak? hitzaldia eskainiko du. Besteak beste, Ilustración y utopía. Los frailes vascos y la RSBAP en California (1769-1834) eta Angel de Gorostidi y Guelbenzuren Getariako albisteak liburuen autorea da Arrieta.

Ekainean, San Martingo erlojua izango dute hizpide Yeregui Elkarteak, Azkoitiko Alkorta anaiek, Konberbi enpresako Miguel Angel Larrañagak eta Juan Bautista Mendizabal Ondare zinegotziak, erlojuak duen balio historiko eta funtzionalarengatik.

Lehen lau hitzaldi horien ondoren, irailean ekingo diote berriro hitzaldi zikloari. Rosa Ayerbe historialariak Ahaide nagusiak Azkoitiko eta Gipuzkoako instituzioetan  goiburupean eskainiko du saioa orduan. Urrian, berriz, Javier Elorza historialariak Azkoitia eta bere sustraiak: Iraurgiko San Martin eta Miranda (1324-1550)  liburua aurkeztuko du.

Azaroan, aldiz, San Martingo historiaurrean jarriko dute arreta, eta Munibe arkeologia taldeko Juan Mari Arruabarrenak zikloko azken hitzaldia eskainiko du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide