Sara Aranbarri: "Txileko agintarien arabera, azken hamarkadetako ezbeharrik handienaren aurrean gaude"

Iraia Oteiza 2024ko ots. 8a, 09:00
Sara Aranbarri azkoitiarra Valparaison. (Utzitakoa)

Txileko sute larriak gertutik bizi ditu Valparaison bizi den Sara Aranbarri azkoitiarrak. Egoera kontrolpean dutela jakinarazi dute suhiltzaileek, baina une latzak bizi dituzte egunotan eskualdean. Boluntario lanetan hasi da Aranbarri suteen ondorioz etxerik gabe geratu direnei laguntzeko.

Sara Aranbarri (Azkoitia, 1995) Txilen bizi da 2021eko ekainaz geroztik. Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako beka batek eraman zuen hara masterra egitera, eta arkitekto moduan dihardu egun lanean, Valparaiso hiriko unibertsitate batean. Valparaisoko eskualdean azken egunetan izan diren sute larriek inguruan harrapatu dute Aranbarri. Boluntario lanetan hasi da suteen ondorioz etxerik gabe geratu direnei laguntzeko.

Valparaisoko eskualdeko suteak bertatik bertara bizi dituzu. Zein da une honetako egoera?

Valparaiso hirian bizi naiz ni, eta suteak ez dira bailarako beste hiri batzuetara heldu diren indarrarekin iritsi hona. Baina, ez nahasteko, Valparaiso,  hiria izateaz gainera, eskualde bat ere bada, eta izugarrizko suteak daude bailarako zenbait gunetan sakabanatuta. Valparaiso hiritik 10 bat kilometrora dago lehen sute larria, eta Viña del Mar, Quilpué, Placilla eta Villa Alemana izan dira hiririk kaltetuenak. Valparaiso hiriaren inguruan daude horiek.

Suhiltzaileek jakinarazi dutenez, suteak jada kontrolpean dituzte, baina oraindik egun luzeko lana dute aurretik. Ostiralean piztu zen sua, eta bero egiteaz gain, haize handia zegoen egun hartan. Igandean kostatik sartutako freskurak egoera nabarmen hobetu du, eta sua gehiago zabaltzeko arriskua asko jaitsi da.

Uda betean zaudete Valparaison. Meteorologiak zaildu egin al du suteak kontrolpean izatea?

Kostan gaudenez, ez du bero gehiegirik egiten; neguan ez du hotzik egiten, baina udan ere tenperaturak nekez gainditzen ditu 20 graduak. Egia da ostiralean eta larunbatean ezohiko tenperatura zegoela, 25 gradutik gorakoa, eta haize bortitzak ez zuela inolako mesederik egin. Valparaiso toki haizetsua da berez, baina, nik uste, hemen nagoenetik izan den haizeterik handiena izan zela bi egun horietan. Beroak eta haizete bortitzak zabaldu zuten sutea.  

Suteek eragindako kalteak. (Utzitakoa)

Sutea ostiralean piztu zen. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Joan den larunbatean ekitaldi bat egin behar genuen, tailer batzuekin, mural pintaketarekin eta azoka batekin. Ostiralean ekitaldi horretarako prestatzen ari ginen suhiltzaileak eta sirenak entzun genituenean. Ke usaina nabari genuen, baina hemen, udan behintzat, ohikoa da sute txiki asko egotea, eta normala iruditu zitzaigun. Laino beltz handi bat ikusi genuenean konturatu ginen egiaz zerbait larria gertatzen ari zela.

Ostiral eguerdian piztu ziren lehen garrak eta ostirala eta larunbata izan ziren egunik kritikoenak, haize bortitza zegoenez, zaila zelako sua nondik nora zihoan antzematea. Nahasmen handia egon zen lehen ordu haietan.

Boluntario lanetan zabiltza. Zer dela eta erabaki zenuen laguntzea?

Txileko jendea oso eskuzabala da eta denak dabiltza boluntario lanetan. Zoritxarrez, halako egoera bat baino gehiago bizitzea egokitu zaie, eta prestatuta daude fenomeno larriei aurre egiteko. Boluntario batzuk kaltetuenak izan diren guneak garbitzen ari dira, berriro ere bertan etxebizitzak eraikitzen hasteko; beste batzuek, berriz, janaria eta oinarrizko produktuak banatzen dihardute. Zeregin horietako batzuk ere egin ditut nik, baina etxebizitzen kalteak zenbatzen dihardut gehienbat, bertan berriro eraiki litekeen ala ez, edota gune bat arriskutsua den ala ez baloratzeko. Arkitektura ikasi duen jendea balorazio lan horiek egitera deitu zuten, eta horretan nabil.

Gutxienez 131 pertsona hil dira suteetan eta ehunka lagun daude desagertuta. Kalteak ere handiak izan dira, 15.000 etxebizitza ingururi eragin baitie suak. Sute gehiago ere izan dira aurretik Txilen, baina, ezustean iritsi al da oraingoa?

Jende asko etxean harrapatuta geratu da, haize handiaren ondorioz ez delako erraza izan sua nondik nora doan antzematea. Etxebizitza ugari daude landare eta lursailen inguruan eta, ondorioz, sua errazago iritsi da gune horietara. Auzo askotan etxebizitza bat bestearen alboan dago, eta neguan euri asko egin duenez, belar asko ere badago hazita. Arrazoi bat baino gehiagok eragin du kalteak hainbesterainokoak izatea.

Bestetik, Txilen suteak askotan izaten direnez, mugikorrerako SIM txartela herrialdean eroste hutsarekin, gobernuak mezua bidaltzen du sutea egon dela abisatuz eta ebakuatzeko esanez. Hala ere, norbere etxea erretzen utzi eta alde egitea ez da erraza, eta azken minutura arte esperoan egon direnetako asko geratu dira harrapatuta.  

Boluntarioak lanean Valparaison. (Utzitakoa)

Agintariek diote nahita piztutako sutea izan dela.

Hemen badakite sute asko nahita piztutakoak izaten direla, ez dagoelako lursail bat erre eta gero bertan eraikitzea debekatzen duen legerik. Horregatik, behin baino gehiagotan, nahita erretzen dituzte lursailak, gero bertan eraiki ahal izateko. Askotan gertatu da sute bat izan den lekuan etxebizitzak, autobideren bat, edo merkatal zentroren bat egin izana lursaila erre eta urtebetera. Iaz, esaterako, Viña del Mar hirian sute bat izan zen, eta leku horretan bertan autobide bat eraikitzeko proiektua dago martxan. Oraingoan ere antzeko zerbait gertatuko zenaren susmoa dago.

Nolakoa da Txileko Gobernuaren kudeaketa?

Kalteak zenbatzen eta egoerari aurre nola egin aztertzen dihardu gobernuak. Denbora asko igaroko da gauzak lehengora itzultzeko. Viña del Mar hiriko alkateak orain gutxi esan du nazioarteko laguntza beharko dutela aurrera egiteko.

Azken sute handia 2014an izan zen Valparaison, eta familia batzuk orduan galdutako etxebizitzak berreskuratu gabe jarraitzen dute oraindik. 2014ko sute hura hondamendi handia izan zela entzun izan diet askotan hemengo lagunei, baina badirudi oraingo sutea lauzpabost aldiz handiagoa izan dela. Txileko agintarien arabera, azken hamarkadetako ezbeharrik handienaren aurrean gaude.

Kalteak ugariak izan direnez, dohaintzak egiteko kontu korronte bat irekitzea erabaki duzue.

Joan den larunbaterako prestatzen ari ginen ekitaldia atzeratu egin behar izan dugu, gure lagunetako bati zuzenean eragin diolako suteak. Ekitaldi hori suteak eragin dien familiei laguntzera bideratuko dugu orain. Kanpotik lagundu nahi duen ororentzat kontu bat ireki dugu, dohaintzak egiteko. Lagundu nahi dutenek, honako lotura honetan egin dezakete euren ekarpena. Laguntza oro ongietorria izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide