Inauteriak 2024

Mozorro Lehiaketan eta Ondoen Apaindutako Taberna Lehiaketan izena emateko epea etzi amaituko da

Ane Olaizola 2024ko ots. 7a, 16:51
Mozorro lehiaketako saridunak, iaz.

Udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan eman beharko dute izena, 07:30etik 15:30era bitartean. Larunbatean izango dira lehiaketak.

Etzi, ostirala, amaituko da udalak antolatu duen karnabaletako Mozorro Lehiaketan eta Ondoen Apaindutako Taberna Lehiaketan izena emateko epea. Parte hartu nahi dutenek udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan eman beharko dute izena 07:30etik 15:30era bitartean. Gutxienez 16 urte eduki behar dira lehiaketan parte hartzeko.

Lehiaketak larunbatean izango dira. Egun horretan, Mozorro Lehiaketako partaideek Plazaberritik –104 zenbaki paretik– igaro beharko dute 19:30etik 20:30era bitartean epaimahaiak mozorroak baloratu ditzan. Halaber, epaimahaikideak lehiaketan parte hartuko duten tabernetatik igaroko dira 19:00etatik aurrera, haien dekorazioa ikusi eta balorazioa egiteko.

Udalak bi kategoriatan banatuko ditu sariak: talde txikietan, gehienez sei lagunekoetan; eta talde handietan edo sei lagunetik gorakoetan. Kategoria horietako bakoitzean hiruna sari emango dituzte: talde txikietan 300, 200 eta 150 euroko diru sariak; eta handietan, 600, 500 eta 300 euroko sariak. Aldiz, ondoen apaindutako taberna 200 eurorekin sarituko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide