Hasi dira udala eta herritarrak biltzen, 100.000 euro zertan erabili erabakitzeko

Ane Olaizola 2024ko urt. 30a, 15:14
Atzoko bileraren irudi bat. (Ane Olaizola)

100.000 euro zertara bideratu erabakitzeko, udalak eta herritarrek aurreneko bilera egin zuten atzo arratsaldean. Udalak dagoeneko aurreneko proposamenak jaso ditu, eta herritarrek hurrengo hilera arte izango dute ekarpenak helarazteko aukera.

Herritarren artean erabakiko du Azkoitiko Udalak aurtengo aurrekontuetan txertatzeko 100.000 euro zertara bideratuko dituen, eta atzo, astelehenez, egin zuten prozesuaren aurreneko bilera. Dozena bat lagun elkartu zen Elkarguneko Intsausti aretoan, eta Jose Joakin Etxaniz zinegotziak gidatuta, egitasmoari forma ematen hasi ziren han bildutakoek: haren arabera, jada aurreneko proposamenak jaso ditu erakundeak, eta herritarrek datorren hilabetera arte izango dute ekarpenak egiteko aukera.

Zehaztu dute udalak zabaldu duen prozesuaren egutegia: hilero elkartuko dira, hileko azken astelehenean, 18:00etan, Elkargunean. Saioak irekiak dira herritar ororentzat, eta ekainera bitartean egingo dituzte bilerak, udalak ordurako nahi baitu emaitzak esku artean izatea.

Etxanizek jakinarazi duenez, askotariko herritarrek parte hartu zuten atzoko bileran, hala nola merkatariek, ingurumen taldetakoek zein norbanakoek. Guztira, 25 bat ekarpen ditu egun udalak, eta proposamen horiek ere "mota guztietakoak" direla aipatu du zinegotziak. Datorren hileko bilera otsailaren 26an izango da, eta han jasoko dituzte herritarren proposamenak. Bi saioetan jasotako proposamenak ere aztertuko dituzte otsaileko bilkuran, "modu kolektibo aktiboan", eta guztietatik bost ekarpen aukeratuko dituzte. Era berean, udalak prozesuaren kide izateko zein ekarpenak egiteko beste bide bat ere zabaldu du, eta herritarrek Internetez ere helarazi ditzakete proposamenak, lotura honetako galdetegia beteta.

Martxoko bileran, bestalde, bost proposamenak aztertu eta horietatik hiru aukeratuko dituzte, eta herritarrek botoa eman ahal izateko bideak ere orduan izango dituzte hizpide. Hain zuzen, aldez aurretik erabakitako hiru ekarpenak herritarrei aurkeztuko dizkiete apirilean, eta bozkatzeko prozesua azalduko diete horiei. Hori guztia eginda, herritarrek maiatzean aukeratuko dute udalak aurtengo aurrekontuetan txertatuko duten proiektua. Ekainean, berriz, emaitzak aurkeztuko dituzte, eta aurtengo ekitaldia itxita, hurrengo urteko parte hartze prozesuarekin ere orduan hastea aurreikusten dute. Izan ere, Etxanizek azpimarratu du asmoa dela "talde iraunkorra" sortzea eta egitasmoa "finkatzea", "garrantzitsuena herritarren parte hartzea" dela iritzita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide