Omenaldiaren eskutik garaipena bigarrenez Iraurgi Saskibaloiarentzat

Mailo Oiarzabal 2024ko urt. 29a, 11:46
Omenduak, Juaristi ISBko jokalariak eta harrobiko gaztetxoak atzo, Azpeitiko kiroldegian. (Mikel Amenabar 'Otola')

EBA Ligara igotzea lortu zuen taldea omendu zuen klubak atzo Juaristi ISB-Lobe Huesca La Magia partidaren atarian, eta Yon Gonzalezen taldeak 71-67 irabazi zuen neurketa. Aldiz, galdu egin zuen Domusa Teknik ISBk Castelloren kantxan (61-55).

2024ko lehen jardunaldian, porrot banarekin estreinatu zituen Iraurgi Saskibaloiak klubaren 50. urteurrenaren harira talde nagusien etxeko partidetan egiten ari den omenaldiak, baina harrezkero garaipena eskutik ekarri dute omenaldiek: aurreko asteko asteburuan Domusa Teknik ISB, eta atzo Juaristi ISB, garaile izan dira omenaldien osteko partidetan.

Omenaldien zerrendan, 2005ean Espainiako EBA Ligara igotzea lortu zuen taldearen txanda izan zen atzo Azpeitiko kiroldegian. Xabier Osa, Eneko Etxeberria, Iker Lizarriturri, Alex Astigarraga, Kepa Ibarzabal, Gari Iparragirre, Jon Arozena, Iosu Arozena eta Iban Hita jokalari ohiak, Jesus Mari Bastarrika Toota masajista, eta talde haren entrenatzaile izan ziren Jon Argoitia, Andoni Lazkano eta Lolo Encinas kiroldegian izan ziren atzo, zaleen eta jokalarien txaloak eta klubaren esker ona jasotzeko; omenaldian parte hartu ezin izan zuten Goar Artetxe, Javi Hernando eta Jon Juaristi jokalari ohiak ere ez zituzten ahaztu.

Une hunkigarrien atzetik etorri zen partidan, Juaristi ISBk 71-67 menderatu zuen Lobe Huesca La Magia, Zilarrezko LEB Ligaren hamazazpigarren jardunaldian. Aurreko asteko atsedenaldiaren aurreko kontrako emaitzak etetea lortu zuen Yon Gonzalezen taldeak. Lehen zatian jarri zituzten Iraurgikoek garaipenaren oinarriak. 17-12 eta 20-14 partzialei esker, 11 puntuko abantailarekin iritsi ziren atsedenaldira Azpeiti-Azkoitikoak (37-26). Bigarren zatian, aldiz, Huescakoak hobeto ibili ziren, nahiz eta, etxekoen zorionerako, ez zuten nahikoa izan markagailua iraultzeko; 14-16 eta 20-25 irabazi zituzten bisitariek bigarren zatiko bi laurdenak. Zilarrezko LEB Ligaren Mendebaldeko multzoan zortzigarrena da Iraurgi, eta berarekin berdinduta dagoen Ponferradaren kantxan jokatuko du datorren asteburuan.

Aurkari zuzenarekin galdu

Domusa Teknik ISBrentzat izan da txanponaren ifrentzua azken jardunaldian. Joseba Lizarralde Rubio-k gidatzen duen taldeak sailkapenean atzetik duen Castelloren kantxan jokatu zuen, baina ezin izan zuen sailkapenean tartetxoa irekitzeko balioko zion garaipenik lortu. Herrialde Katalanetako taldeak 61-55 mendean hartu zuen Iraurgi, eta sailkapenean harrapatu egin du Azpeiti-Azkoitiko taldea, nahiz eta Iraurgikoek eusten dioten bigarren postuari.

Castelloko taldea hasieratik ibili zen aurretik, eta azken laurdenean bakarrik lasaitu zuen erritmoa. Lehen hiru laurdenak 13-8, 13-12 eta 23-15 irabazita, etxeko taldeak 14 puntuko abantailarekin ekin zion azken laurdenari. Domusa Teknik ISBk 8 puntu murriztu zuen aldea, azken laurdena 12-20 irabazita, baina beranduegi iritsi zen erreakzioa.

Datorren asteburuan, Azkoitian, Alcorcon taldea hartuko du LF2ko taldeak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide