Erretratua

Maite Azpiroz: "AEKn giro ona eta gertukoa eskaintzen saiatzen gara"

Naia Arrizabalaga 2024ko urt. 28a, 11:00
Maite Azpiroz. (Marrazkia: Gorka LarraƱaga)

Maite Azpiroz Azkoitiko AEK-ko irakaslea eta Urolako koordinatzailea da. 2007an hasi zen irakasle Zumaiako euskaltegian, eta gero, jaioterrian ekin zion lanari. Hain zuzen, Azkoitiko AEK-k emandako lehen urratsen parte izan zen. Mintzalagun proiektuan ere badihardu, baita datorren Korrika prestatzen ere.

Azkoitiko euskalgintzaren alorrean aurpegi ezaguna da Maite Azpirozena (Azkoitia, 1979), Azkoitian AEK sortu zenetik hango irakaslea baita, eta azken urteetan, Urolako AEK-ko koordinatzaile lanetan ere badihardu. Hain zuzen, AEKn irakasle aritu ahal izateko eskaintzen duten glotodidaktika ikastaroa egin zuen lagun batekin batera, eta modu horretara barneratu zen irakaskuntzan eta euskalgintzan. "Hasiera batean, ez zen nire asmoa irakasle izatea, baina lagunarekin denbora gehiago pasatze aldera, ikastarora animatu nintzen". 2007. urtean hasi zen irakasle lanetan Zumaian, eta handik Azpeitiko Mikelatx euskaltegira salto egin zuen: "Azpeitian euskaltegia bai, baina talderik ez zegoen, eta Azkoitian ematen genituen klaseak".

Ordea, Azpeitiko euskaltegiko pisuaren jabeak hura saltzea erabaki zuen, eta hori hala, 2008- 2009 ikasturtean Azkoitian AEK sortzea erabaki zuten: "Lanean genbiltzanak azkoitiarrak ginen, eta ikasleak ere bertan zeudenez, egoitza herrian bertan jartzea erabaki genuen". Urte hartan bertan, Azkoitiko zein Zestoako arduradun modura hasi zen lanean, eta ordutik gaur arte, AEK-k lana ez ezik, "lagun handiak" ere eman dizkiola nabarmendu du.

Gaur egun, Urolako AEKren barruan sartzen da Azkoitikoa, Zestoakoarekin batera. AEKren barruan aldaketa ofizialtzat jotzen bada ere, Azpirozen hitzetan, tramiteak atzeratu egin dira HABEren aurrean, eta ez dute ofizialtzat jotzen oraindik. Hala ere, "datorren ikasturterako" tramite guztiak eginda izatea espero dute.

Azkoitiko AEK sortu zen unetik izandako aldaketak nabarmenak dira. Hasieran, hiru talde zeudela gogoan dauka azkoitiarrak, baina gaur egun hamabira igo da talde kopurua, eta 90 ikasle inguru aritzen dira euskara ikasten. Haurren kopurua ere hazi egin da, eta gaur-gaurkoz 45 ume inguru joaten dira bertara. Euskara maila guztietako ikasleak daudela azpimarratu du azkoitiarrak, hizkuntzarekin inoiz harremanik izan ez dutenetatik hasi eta beste guztietara arte.

AEKn koordinatzaile lanetan aritzen da Azpiroz, eta lankideekin "zubi lana" egiteaz gain, honakoak dira egiten dituen lanak: "Gipuzkoako Batzordera joaten naiz hilean behin, udalekin egiten dut lan eta HABEko ikasleen izen emateez ere arduratzen naiz". Horrez gain, irakasle aritzen da helduen bi taldetan: "Lehengo urtean, hutsetik hasi ziren bi taldeekin jarraitzen dut aurten ere".

Euskaltegia ikasteko leku bat da, baina irakaslearen hitzetan, ez da "akademia" bat: "Mahai bueltan egoten gara, eta ikasi egiten dugun arren, konfiantza giroa zein gertutasuna eskaintzen saiatzen gara". Horren ondorio dira AEK-ko kideekin sortu dituen harremanak eta han egindako lagunak.

Haur etorkinei euskara irakasten ere aritu da, eta esperientzia "gogorra" den arren, "ederra" ere badela adierazi du, hain zuzen, lanak bere fruituak ematen dituelako: "6 urte zituztela gurekin euskara ikasten zuten haurrek orain 20 urte dituzte, eta kalean elkar agurtzea polita da". Ikasle horientzat irakasleak "erreferenteak" zirela azpimarratu du. Horrez gain, hizkuntza berri bat hutsetik ikasten hastearen gauzarik ederrena ikasleek izaten duten bilakaera dela azpimarratu du: "'Kaixo, ni Maite naiz' kostata esaten zutenak gaur egun euskaraz komunikatzeko gai direla ikustea pozgarria da".

Azkoitian azken urteetan euskararen kale erabilerak behera egin du, ikerketek diotenez. "Etxeko hizkuntzak" horretan eragin egiten duela azaldu du euskara irakasleak, eta euskaraz ez dakienari erdaraz hitz egiteko dagoen joerak "zailtasunak" eragiten dituela gaineratu du: "Euskaltegira etortzen diren haur askok gaztelaniaz komunikatzeko gaitasunak dituzte, kalean eta eskolan entzuten dutelako".

Mintzalagun proiektua ere martxan dago herrian, 2010. urteaz geroztik. Proiektu horren helburua da taldeak sortu eta kideak beraien artean euskaraz aritzea: "Euskaldun bidelagun bat eta euskaraz ikasi nahi duten pare bat kide dira proiektuaren giltza". Horretarako, astean ordubetez aritzeko konpromisoa eta euskaraz mintzatzeko gaitasuna eskatzen ditu AEK-k. Ekintza desberdinak egiten dituzte: kafe bat hartzea edo oinez ibiltzera joatea, besteak beste, betiere euskaraz.

Korrika, hitzordu garrantzitsua

Hasi berri den urtean Korrika abiatuko da Irundik (Gipuzkoa), AEKren eskutik. Azkoititik ere pasatuko da euskararen aldeko lasterketa, eta antolatzaileak hasiak dira jada prestaketa lanetan, arropa saltzen zein Korrika laguntzaile kanpainarekin. Azpirozen hitzetan, "zurrunbilo batean" sartzen dira egitasmoa antolatzeko garaian, baina argi dauka emaitzak merezi izaten duela.

Furgonetaren atzetik jendea oihuka ikustea baino askoz gehiago da Korrika, azkoitiarraren hitzetan: "Guretzat lekukoa herriko zatiren batean eramatea baino gehiago da Korrika". Herrian pasatzen den unea "berezia" dela dioen arren, horren aurreko lanak "zailtasunak" izan ohi ditu: "Euskararen normalizazioaren alde dirua biltzea izaten da zailena, inori ez baitzaio gustatzen eskean ibiltzea".

Euskaltegian bertan ere lantzen dute Korrikaren gaia, eta hark dioenez, jendea harrituta geratzen da: "Inoiz Korrika pasatzen ikusi ez dutenentzat harrigarria da euskararen alde furgoneta baten atzetik hainbeste jende korrika ikustea". Azpirozen arabera, "ikaragarria" da Korrikak lortzen duena.

Motzean:

  • Adina: 44 urte.
  • Ikasketak: Psikologia ikasketak.
  • Lanbidea: AEK-ko irakaslea eta Urolako AEK-ko koordinatzailea.
  • Irakasle ez banintz… topatuko nuke zerbait, ez dakit zehazki zer.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… trago bat hartzea.

(Argazkiak: GUKA).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide