Aurrekontu parte hartzaileen prozesua abiatuko du udalak, herritarrek 100.000 euro zertara bideratu erabakitzeko

Ane Olaizola 2024ko urt. 24a, 16:13

"Herritarrei ahotsa" emateko helburuz, 100.000 euroko partida jarri du Azkoitiko Udalak, eta zenbateko horrekin herritarrek erabakitako proiektuak zein egitasmoak datorren urteko aurrekontuetan txertatuko dituzte. Datorren astelehenean izango da aurreneko bilera.

Azkoitiko Udalak aurrekontu parte hartzaileen prozesua jarriko du aurten abian, aurtengo udal aurrekontuetan txertatzeko egitasmoak eta proiektuak erabaki ditzaten herritarrek. Udalaren arabera, herritarrei ahotsa emateko helburuz jarri du 100.000 euroko partida, eta beti ere "beharrak eta lehentasunak" kontuan hartuta txertatuko dituzte eskaerak. 

Herritarren ekarpenak jaso nahi ditu udalak, "ahalik eta erabakirik onenak" hartzeko asmoz, eta horretarako, prozesuaren aurreneko bilera egingo dute datorren astelehenean, hilaren 29an, 18:00etan, Elkarguneko Intsausti aretoan. Prozesuaren nondik norakoak azalduko dituzte bertan.

Udalak herritar guztiak animatu ditu prozesuan parte hartzera, askotariko profilez osatutako herritarrek "aberasgarriagoa" egingo dutelako prozesua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide