Aldundiak 13 milioi eurotik gora bideratuko ditu Azkoititik Urretxura doan errepidearen bigarren fasera

Intza Trula 2024ko urt. 23a, 14:32
Azkoitia eta Urretxu arteko errepidea. (Artxibokoa)

2023ko maiatzean amaitu zituzten GI-631 errepideko lehen faseko obrak eta Diputatuen Kontseiluak gaur egindako bileran onartu du bigarren fasearen eraikuntza proiektua. 13 milioi euro baino gehiago bideratuko dituzte lanak egiteko.

Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen errepidea hobetzeko bigarren faserako 13 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu Aldundiak. Iazko maiatzean amaitu zituzten lehen faseko lanak, eta hain zuzen, gaur egindako bilkuran erabaki dute GI-631 errepidea hobetzeko lanen bigarren fasearen proiektua. Irune Berasaluze Foru Aldundiko bozeramaileak zera azpimarratu du: "Urola Ibarraren garapen sozioekonomikorako funtsezko azpiegitura da, eta, beraz, Aldundiak obra hori garatzeko eta gauzatzeko duen konpromisoa erabatekoa da, eskualdearentzat eta lurraldearentzat lehentasunezko jarduera delako".

Bileran azaldu dutenez, proiektua datorren asteetan aterako da lizitaziora, 13.302.104,63 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne) eta 31 hilabeteko exekuzio epea izango du. Bozeramailearen esanetan Bide Azpiegituretako departamentuaren asmoa obrak aurten lizitatzea eta hastea da.

Proiektu honek 1,3 kilometroko tarte bat hobetuko du, eta errepideari hirugarren lerro bat gehituko dio 22,950 eta 22,400 kilometroen arteko plataforma handitzeari esker. Lanak amaitzean errepideak hiru errei izango ditu guztira, aurreratzeak segurtasun handiagoz egitea ahalbidetuz: lehen zatian Urretxurako norabidean, eta, bestetik, Azkoitirako norabidean. Horrez gainera, hainbat baserritara sartzeko segurtasun baldintzak ere hobetuko dira proiektuari esker. Aldundiak "pazientzia eta ulermena" eskatu die errepidearen erabiltzaileei, obra handia izango baita.

Berasaluzeren esanetan lanek "nabarmen hobetuko dituzte milaka gidariren segurtasuna eta erosotasuna". Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuaren obra estrategikoetako bat izango da, eta fase honekin guztira 21 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egingo da: "Horrek agerian uzten du Gipuzkoako eskualdeen garapen eta kohesiorako dugun konpromiso sendoa, baita errepideei dagokienez ere", dio Beresaluzek.

Halaber, Azkoitiko eta Azpeitiko alkateekin eta Zestoako alkatearekin, Iraurgi Berritzen eskualdeko agentziako ordezkariekin eta hainbat enpresatako ordezkariekin bildu zen duela gutxi Aldundia, eta bertan hartu zuen konpromisoa Urola ibarreko bide azpiegituren eremuan hobetzeko dagoena aztertzen jarraitzeko, azterketa tekniko orokor bat egiteko, eta lankidetzan oinarritutako lan agenda bat antolatzeko. Lehenengo pausoa emate aldera, Bide Azpiegituretako Departamentuak bide azterketa tekniko bat aurkeztuko du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide