Israelekin dituen negozioak eteteko eskatu dio Elkar-ekin taldeak Juaristi Milling Boring enpresari

Iraia Oteiza 2024ko urt. 22a, 12:55
Juaristi Milling Boring enpresako sarreretako bat paleekin itxita. (Elkar-ekin)

Azpeitiko taldeak salatu duenez, Juaristi Milling Boring enpresak armagintzari loturiko makinaria ekoizten eta merkaturatzen du. Enpresaren bi sarrera itxi dizkiote asteburuan, protesta gisara.

Azpeitiko Elkar-ekin taldeak Israelekin dituen merkataritza harremanak bertan behera uzteko eskatu dio Juaristi Milling Boring enpresari. Taldearen arabera, nazioarteko salmenten berri ematen du enpresa azkoitiarrak bere webgunean, eta hain zuzen, bertan ikus daiteke enpresak Israelekin dituen negozioen inguruko informazioa. Horrez gain, webgunean Juaristik armagintzari lotuta dituen eskaintzak ere ikus daitezkeela salatu du taldeak, eta enpresari Israelekin dituen merkataritza harremanak eteteko eskatzearekin batera, armagintza arloa uzteko ere eskatu dio.

Hori horrela, Juaristi Milling Boring enpresak Azkoitian duen eraikineko bi sarrera itxi dituzte Elkar-ekineko kideek asteburuan, paleak erabiliz. Armagintzaren aurkako eta Israeli boikota egiteko mezuak ere itsatsi dituzte bertan; eta eraikinaren inguruan jaurtitako ehunka papertxoetan ere irakur daitezke ekimen hori egin izanaren arrazoiak.

"Hemengo enpresek egiten dutenaz hitz egitea deserosoa zaigu, baina ez du balio Gazara hunkituta begiratzeak hemen egiten dugunaren aurrean begiak itxiko baditugu. Gerrak eta genozidioak hemen ere hasten dira, eta ardurak dituzten enpresak eta erakundeak seinalatu behar direla uste dugu: bereziki armagintzaren sektorean inplikazioak dituzten horiek. Elkartasun zabala jaso du Palestinak mundu zabalean, milioika lagun atera gara kalera, baina Israelen sarraskiak ez du etenik. Hori horrela, elkartasuna erakustetik harago, urrats berriak emateko garaia dela pentsatzen dugu, tartean Israelen aurkako boikota indartzekoa", adierazi dute Elkarrekin-ekin taldeko kideek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide