Memoria historikoa berreskuratzeko lanketaren emaitza aurkeztuko du udalak hilaren 26an

Ane Olaizola 2024ko urt. 19a, 14:48

36ko gerran eta frankismoaren lehen bi hamarkadetan eskubide urraketak eta errepresioa bizi izan zituzten "biktimak guztiak" identifikatzea izan da bi urtez luzatu den ikerketaren emaitza, eta pertsona horien informazioa Azkoitia Oroimena webgunean bilduko dute. Ekitaldira herritar guztiak gonbidatu ditu udalak, baina batez ere gerra garaian eta gerraostean "sufritzea tokatu" zitzaien familiei. 

Memoria historikoa berreskuratzeko lanketa hasi zuen duela bi urte Azkoitiko Udalak Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean, 36ko gerran eta Frankismoaren lehen bi hamarkadetan eskubide urraketak eta errepresioa bizi izan zituzten "biktimak guztiak" identifikatzeko asmoz. Udalak azaldu duenez, egindako ikerketaren emaitza Azkoitia Oroimena izeneko webgunean jasota geratuko da, bertan bilduko baita garai hartan giza eskubide urraketak jasan zituzten pertsonen inguruko informazioa. "Gertatutakoaren egia ezagutzea eta herritarren esku jartzea da nahia, biktima guztiek dutelako egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea", azaldu du udalak.

Hain zuzen, webgunea aurkezteko ekitaldi irekia egingo dute udalak eta Aranzadik hurrengo ostiralean, 18:30ean, Elkargunean. Erakundeak adierazi duenez, "ezinezkoa" zaio errepresio frankistaren biktima izan ziren guztiengana edo haien senideengana iristea, eta horregatik, ekitaldira joateko gonbidapena herritar guztiei zabaldu die, baina batez ere gerra garaian eta gerraostean "sufritzea tokatu" zitzaien familiei. 

Udalak jakinarazi du, ekitaldiarekin 1936ko estatu-kolpearen ondoren, "errepresioa eta giza eskubide urraketak jasan zituzten gizon eta emakumeei aitortza" egin nahi zaiela, baita "duintasuna eman" ere, egindako lanketa oinarri hartuta. Hain zuzen, egindako ikerketaren ondorioz, "artxiboei eta testigantzei esker", biktimak izen-abizenekin identifikatu dira, "ahanzturatik eta isilpetik" atereaz.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide