Isilune zirkuluaren bigarren elkarretaratzea, Palestinako sarraskia salatzeko

Ane Olaizola 2024ko urt. 19a, 09:24
Atzoko elkarretaratzearen irudi bat. (Isilune zirkulua)

Hainbat pertsona elkartu ziren atzo iluntzean herriko plazan, Israel Palestinaren aurka egiten ari den sarraskia salatzeko. Zirkulua osatuta, azken bi hilabeteetan Israelek Gazan 25.000 pertsona hil izana gaitzetsi zuten han elkartu zirenek. 

Israel Palestinaren aurka egiten ari den sarraskia salatu dute Isilune zirkuluaren urtarrileko elkarretaratzean. Hainbat pertsona elkartu ziren atzo iluntzean herriko plazan, eta zirkulua osatuta, azken bi hilabeteetan Israelek Gazan 25.000 pertsona hil izana gaitzetsi zuten, erdiak baino gehiago umeak eta ia denak zibilak.

Gernika-Palestina ekimenaren ardura izan da urtarrileko mobilizazioa antolatzea. Taldearen arabera, "jasanezina" da Gazako egoera, Israelek ezarritako setioaren ondorioz. "Oinarrizkoak diren elikagaiak, ura edo osasun zerbitzuak dituzte sartzen uzten. Zisjordanian ere egoera laztu egin da azken bi hilabeteotan, Israelek palestinarren aurkako erailketak eta atxiloketak areagotu baititu".

Eraso horiek Israelek bere sorreratik izan duen "izaera ankerra" islatzen dutela azpimarratu du Gernika-Palestinak, Israelgo Estatuak 75 urte daramatzala palestinarrak "hiltzen, erbesteratzen eta etxeetatik desjabetzen" gogoratuta. "Oinarrizko giza eskubide guztiak
zapuzten dituzte eta nazio arteko legedia eta onartutako ebazpenak ez dituzte betetzen".

Egoeraren aurrean, Palestinako hainbat eragilek eta Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuk bultzatzen duten BDS mugimendua [Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak] azpimarratu dute, zeinak herritarrek Israeli boikota egitea eskatzen duen: "Batetik, giza eskubideak errespetatzen ez dituen Israelgo estatuko produktuak erosteari uko egitea bultzatu nahi dugu, herritar guztiok gure kontsumo ohituretan egin dezakeguna, israeldar jatorria duten produktuak eta enpresetan erosteari uko eginez. Industria eta ekonomia jardueretan bultzatu dezakegu baita, Israelgo ekonomiarekin zerikusia duen hartu eman edo negozioei uko eginez".

Horrez gain, Israelgo Gobernua zigortzea eskatu dute antolatzaileek, eta Hego Afrikak
zabaldu duen bideari jarraitzeko galdegin diete gobernuei, Nazioarteko Justizia Auzitegian
Israel "genozidioagatik" sala dezaten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide