Larunbatean hasiko da Xakeko Gipuzkoako Taldekako Txapelketa

Iraia Oteiza 2024ko urt. 10a, 12:26

Anaitasuna Kakute taldeko jokalariek Preferente Mailako eta Hirugarren Mailako txapelketak jokatuko dituzte. Taldearen lehen partidak larunbat honetarako hitzartu dituzte; Azkoitiko Kultur Etxean jokatuko dituzte Astigarragako eta Zumaiako taldeen aurka, 16:00etatik aurrera.

Urtarrilaren 13an, larunbatez, hasiko da Xakeko Gipuzkoako Taldekako Txapelketaren edizio berria, Preferente, Lehen, Bigarren eta Hirugarren mailei dagokiena. Anaitasuna Kakute taldeak Preferente Mailan eta Hirugarren Mailan hartuko du parte, pandemiaren ondorioz lau urtez jarraian Hirugarren Mailan taldea osatu ezinik egon ondotik.

Azkoitiko xake taldeak jakitera eman duenez, Anibal Fernandez eta Gaizka Alberdi kapitainek 26 jokalarirekin osatu beharko dituzte bi kategoriatako taldeak. Jokalarien kopurua kontuan izanda, zuzendaritzak zenbait helburu ezarri ditu txapelketara begira: alde batetik, Preferente Mailan mantentzea eta jokalari berriei maila horretan jokatzeko aukera eskaintzea; eta bestetik, Hirugarren Mailan jokalari guztiek jokatzea eta giroaz gozatzea, partida bakoitza ordu eta erdikoa izango denez eta jokaldi bakoitzari 30 segundo erantsiko dizkiotenez, lauzpabost orduz luzatuko delako.

Talde bakoitzean eta txanda bakoitzean lau jokalarik hartuko dute parte. Preferente Mailan, Anaitasuna Kakute taldeko jokalariek Astigarragakoak izango dituzte aurkari, eta Hirugarren Mailakoek, berriz, Kbi Zumaiako taldekoak. Partidak Kultur Etxean jokatuko dituzte larunbat honetan, 16:00etatik aurrera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide