Bi milioi bisitatik gora izan ditu Maxixatzen.eus-ek 2023an

Erredakzioa 2024ko urt. 2a, 13:00

2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 2.163.525 bisita izan zituen Maxixatzen.eus-ek, Google Analyticsek emandako datuen arabera. Egunean, batez beste, hamar albiste argitaratu ditu Maxixatzenek webgunean, eta atari digitalak 5.927 bisita izan ditu egunero. Aurten ere bisita gehienak eskuko telefonoetatik egin dituzte erabiltzaileek.

2023. urteak askotariko albisteak utzi ditu herrian; batzuk onak, besteak txarrak. Eta horien guztien berri eman du Maxixatzen.eus-ek joan berri den urtean ere. Askotariko albisteak, bideoak, erreportajeak nahiz elkarrizketak ondu ditu Azkoitiko hedabideak 2023an ere, eta hainbat izan dira Komunitatearen bidez ekarpenak egin dituzten herritarrak eta eragileek ere. Guztira, 3.717 albiste argitaratu ziren webgunean iaz, hamar albiste egunean batez beste, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten herritarrak –hona hemen iazko hamar albiste irakurrienen zerrenda–.

2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean bi milioi bisitatik gora izan ditu Maxixatzen.eus-ek: zehazki, 2.163.525 bisita. Google Analytics neurgailuak emandako datua da hori. Urtez urte hazten jarraitzen du Maxixatzenen webguneko bisiten kopuruak, eta iazkoa ere ez da salbuespena izan; izan ere, 2022an baino 253.663 bisita gehiago izan ditu 2023an. Datu hori kontuan izanik, egunean, batez beste, 5.927 bisita izan ditu webguneak.

Azken urteetako joera berretsi egin da 2023an ere: Interneteko edukiak eskuko telefonotik irakurtzeko ohitura areagotu egin da beste urte batez. Izan ere, 2022an erabiltzaileen %71,97k eskuko telefonoa erabili zuten Maxixatzen.eus irakurtzeko, eta 2023an, kopuru hori %80tik gorakoa izan da.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabide digitalen datuak izugarriak izan dira 2022an. Taldearen webguneetan albiste ugari argitaratu ziren iaz, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten erabiltzaileak. Hain zuzen ere, taldea osatzen duten sei webguneek –Maxixatzen, Uztarria, Baleike, Karkara, Zarauzko Hitza eta Urola Kostako Hitza– 10.263.009 bisita izan zituzten iaz, 2022an baino milioi bat bisita gehiago –9.174.112 bisita izan zituzten 2022an–.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide