Herritar ugariren babesarekin, Bilborako deia eginez amaitu du urtea Azkoitiko Sarek

Ane Olaizola 2023ko abe. 31a, 19:30
Gaurko manifestazioaren irudi bat. (Ane Olaizola)

Urtea agurtzeko manifestazioa egin dute Azkoitiko kaleetan, Azkoitiko Sarek deituta. Presoen, iheslarien eta errefuxiatuen eskubideak aldarrikatu eta salbuespenezko legearekin amai dezatela eskatu dute han bildu diren dozenaka herritarrek. 

Azkoitiko Sarek deituta, ohi bezala euskal preso, iheslari eta errefuxiatuen eskubideen aldeko manifestazioa egin dute urteko azken arratsaldean, eta beste urte batez dozenaka herritar bildu ditu deialdiak. Urteko azken mobilizazioa izanik, azke hilabeteetako balorazioa egin du Sarek. Hark gogoratu du duela urtebete ia hogei euskal preso zeudela Espainiako Estatuko espetxeetan, eta beste 13 Frantziako Estatukoetan. Urte bat lehenago, 2021ean, berriz, ia ehun preso zeuden Espainiakoetan, eta 20 baino gehiago Frantziakoetan. "Gauzak aldatu dira, hobera. Dudarik ez. Gaur egun, dakizuenz, Frantzian diren bederatziak izan ezik beste preso guztiak Hego Euskal Herriko espetxeetan daude", azaldu dute antolatzaileek.

Dena den, Espainiako Auzitegi Nazioanalak "euskal presoen etorkizunari buruz hartzen dituen erabaki arbitrarioen gatibu" izaten jarraitzen dutela salatu du taldeak: "Euskal Herriak gaur egun bizi duen errealitatetik urrun, eta etxerako bidea blokeatzeko asmoz, iragan denbora batean zaharkitutako erabakiak errepikatzen tematuta".

Presoen eskubideak errespetatuak izan daitezen, "guztiak aurrera egiteko giltza" direla azpimarratu du Azkoitiko Sarek, eta horregatik, salbuespenezko legea amaitu dadila eta presoei lege arrunta behin betiko ezar diezaietela aldarrikatu dute. Deitzaileen hitzetan, urte berriak "erabakigarria" izan behar du horretan. Bidean, "lanean jarraitzera eta mobilizatzera" gonbidatu dituzte herritarrak, batez ere urtarrilaren 13an Bilbon egingo duten manifestazioan parte hartzeko dei eginez. Ohi bezala, La Casillatik hasiko da manifestazio nazionala, 16:00etan. 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide