Igeriketa probarekin eta hamaiketakoarekin amaituko du urtea Zubiaurrek

Iraia Oteiza 2023ko abe. 27a, 12:12

09:30ean ekingo diote 100x100 igeriketa probari, eta ehun lagunek egingo dute igeri 100 metroan, 100x100 erreleboa osatu arte. Igeri egin ondoren, parte hartzaileei hamaiketakoa eskainiko die klubak.

2023 urtea festa giroan agurtu nahi du beste urte batez Zubiaurre Igeriketa Klubak. Azken urteetako ohiturari jarraituz, 100x100 igeriketa saioa antolatu dute abenduaren 31rako. Goizeko 09:30ean ekingo diote probari, eta ehun lagunek egingo dute igeri, bakoitzak 100 metro, 100x100 erreleboa osatu arte. Igeri egin ahala, Zubiaurreko kudeaketa batzordea osatzen duten kideek hamaiketakoa eskainiko diete parte hartzaileei Elkarguneko Oteiza aretoan.

Zubiaurreko igerilariek hurrenkera honetan egingo dute igeri: 

  • 09:30ean: talde nagusikoak (DBH1etik gorakoak).
  • 10:00etan: 2015 urtean jaiotakoak.
  • 10:30ean: 2014 urtean jaiotakoak.
  • 11:00etan: 2013 eta 2012 urteetan jaiotakoak.

Hala ere, ordutegia antolaketa errazteko besterik ez dela jakinarazi du klubak, eta hori horrela, norbaitek egokitutako orduan joan ezin badu, proba ongi datorkionean egiteko aukera izango du.

Aipatutako talde horiez gain, Zubiaurreko parte direnak edota noizbait izan diren guztiak ere festan parte hartzera gonbidatu ditu klubak: igerilari ohiak, masterrak, master ohiak, baita gurasoak ere. Zubiaurrek adierazi duenez, familia giroan elkartu eta igeri eginez urteari amaiera ona ematea du helburu ekimenak. Hamaiketakoaren bueltan, urte berriari topa ere egingo diote.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide