Ibilaldi berriak iragarri ditu Anaitasuna Mendi Bazkunak, 'Gure txokuk ezautzen' ekimenaren baitan

Iraia Oteiza 2023ko abe. 26a, 10:00
Anaitasuna Mendi Bazkunak Kakuetara egindako ibilaldi bateko irudia. (Anaitasuna Mendi Bazkuna)

Urtezahar egunean, abenduaren 31n, egingo du egitasmoko lehen mendi irteera Anaitasuna Mendi Bazkunak. 08:30ean Balda plazatik abiatuta, Kakuetara igoko dira mendizaleak. Herri inguruko txokoak ezagutzea eta lagun giroan irteerak egitea dira ekimenaren helburu nagusiak.

Herri ingurua ezagutzeko eta lagun giroan mendi irteerak egiteko, Gure txokuk ezautzen izeneko ekimena jarriko du martxan bigarrenez Anaitasuna Mendi Bazkunak. Iaz bezala, hileko azken larunbatetan egingo dituzte mendi irteerak, eta Urtezahar egunerako antolatu dute lehen ibilaldia. Kakuetara igoko dira egun horretan mendizaleak, 08:30ean Balda plazatik abiatuta. Kakuetako gurutzera igo ostean, txabolan hamaiketakoa egingo dute trikitilarien konpainian. Halaber, Anaitasuna Mendi Bazkunak bat egingo du egun horretan Buruzai eta Trekutz proiektuen aurkako aldarrikapenekin, Oletan ere ez! plataformarekin batera.

Gure txokuk ezautzen ekimenaren baiten irteera gehiago ere izango dira, baina Anaitasuna Mendi Bazkunak adierazi du aurrerago zehaztuko dituela irteera horien nondik norakoak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide