Zentral eolikoen tramiteak aurrera doazela eta, Zazpi Kurutze mendi martxa ez antolatzea erabaki dute

Ihintza Elustondo 2023ko abe. 20a, 13:00
2022ko Zazpi Kurutze mendi martxaren une bat. (Ibon Errazu)

Buruzai eta Trekutz proiektuek hartzen dituzten eremuetatik igaro izan da Zazpi Kurutze mendi martxa, eta Anaitasuna mendi bazkunak adierazi duenez, egitasmo horien tramiteak aurrera doazela ikusita, "zentzu guztia" galtzen du proba antolatzeak. Udalak "informazioa ezkutatu" izana ere salatu dute.

Buruzai zentral eolikoaren proiektua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aurkeztu berritan, Anaitasuna mendi bazkunaren zuzendaritza taldeak "ardura, tristura eta haserrea" adierazi ditu. Mendi taldeak eskuragarri jarri duen lotura honetan kontsulta daitezke proiektuaren nondik norakoak, ibilbidea, aerosorgailuen kokapena, dimentsioak eta abar. Oletakoaz gain, Trekutz eremuko proiektua –Irimo eta Trekutz inguruak barnebiltzen dituen proiektua– ere argitaratu dute aldizkarian, eta Anaitasuna mendi bazkunak nabarmendu du bi proiektu horiek Zazpi Kurutze mendi martxaren ibillbidean eragiten dutela. Horren aurrean, kirol proba hori datorren urtean ez gauzatzea erabaki dute.

Mendi taldeak jakinarazi duenez, duela zazpi hilabete Anaitasuna mendi bazkunako eta Zazpi Kurutze mendi probaren antolatzaileetako batzuk Ana Azkoitia egungo alkatearekin eta Javier Zubizarreta orduko alkatearekin bildu ziren, Buruzai parke eolikoaren inguruan informatzeko asmoz. Bilera hartan, informazio gehiago zutenean horren berri emateko eskatu zieten mendi taldekoek, baina mendi bazkunakoek adierazi dutenez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako albistearen bidez izan dute proiektuen berri, "aurretik inolako informaziorik jaso gabe". Gainera, mendi taldeak nabarmendu du "kasualitatez, opor egunak datozen datetan" argitaratu dutela albistea aldizkarian, "jendeak alegazioak aurkezteko hilabete baino ez duela". 

Buruzai eta Trekutz proiektuek hartzen dituzten eremuetatik igaro izan da Zazpi Kurutze mendi martxa azkenengo 50 urteetan, Anaitasunak nabarmendu duenez. "2024a urte borobila zen, Zazpi Kurutzeren 25. edizioa izango zelako –bi urtez behin egiten da–, eta Anaitasuna mendi bazkunako kideak gogotsu geunden egun berezi bat antolatzeko, urteurrena ospatuz eta borobilduz. Lan handia egin dute gure aurrekoek urteetan zehar mendi martxaren edizio guztiak antolatzen, eta hori modu eder batean ospatu nahi genuen 2024ko ekainean".

"Zentzurik ez"

Dena den, proiektu eolikoak martxan jartzeko tramiteak aurrera doazela ikusirik, une honetan Zazpi Kurutzeren antolakuntza taldean dauden kideen iritziz, "zentzu guztia" galtzen du mendi martxa antolatzeak. "Ezin dugu ibilbidea mantendu txikituta egongo diren ingurune, baso eta zelaietan. Lehen nahiko pista bazuen Zazpi Kurutzek, eta proiektu berri hauek aurrera ateratzen badira, zer esanik ez. Adibidez, Izazpiko gurutzearen alboan 4.340 metro koadroko plataforma laua eraikiko dute, 23.000 metro kubiko lur mugituko dituzte, eta Oleta eta Izazpi sei kilometroko hormigoizko pista batek elkartuko ditu. Horrez gain, aipatzekoa da proiektu honek Iruarrietako estazio megalitikoan izango duen eragina".

Anaitasuna mendi bazkunako kideek adierazi dute beraiek ez dutela mendia "horrela" ulertzen. "Inguruan dugun mendia ingurune preziatuena dela uste dugu". Etor daitekeenarekin "oso arduratuta" daude, eta gauzak egiteko "beste modu asko" daudela uste dute: "Udaletik ez dugu nahiko informazio jaso, eta are gehiago, informazioa ezkutatu egin zaie herritarrei". Beraz, gertakari horiek medio erabaki dute Zazpi Kurutze mendi martxa ez antolatzea egun haren antolakuntza taldean dauden kideek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide