Astearen amaieran hasiko dira Txalonerreka eta Altamira arteko errepidea egiten

Ane Olaizola 2023ko abe. 19a, 15:04
Eraikiko duten errepidearen hasiera, Txalonerreka parean. (Azkoitiko Udala)

3.875.514 euroko aurrekontua dute Txalonerreka eta Altamira arteko errepideko lanek, eta hamar hilabete inguru iraungo dituzte. Udalaren arabera, "obra estrategikoa" da, "hiri garapenari" jarraipena ematen diolako. 

Txalonerreka eta Altamira lotuko dituen errepidea aste honen amaieran hasiko direla eraikitzen iragarri du udalak. Haren arabera, dagoeneko hasita daude topografia lanak egiten eta gunea hesitzen. 3.875.514 euroko aurrekontua dute lanek, eta hamar hilabete inguru iraungo dituzte. Aurreko agintaldian, Azkoitia Lantzen sozietate publikoak Txalonerrekako lurzoruko hiru partzela saldu zizkion Eusko Jaurlaritzari 1.080.910 euroan, eta udalak azaldu du horrek bide berria finantzatzea eta alokairuko etxebizitza sozialak sustatzea erraztu duela.

Guztira, 280 metroko luzera eta sei metroko zabalera duen bidea eraikiko dute. Bina metroko bi espaloi eta bidegorri bat ere izango ditu. Udalaren arabera, "obra estrategikoa" da Txalonerreka eta Altamira artekoa, "hiri garapenari" jarraipena ematen diolako. "Errepide berria funtsezko elementua da Txalonerrekako hirigintza-garapenerako. Izan ere, bertan Eusko Jaurlaritzak babestutako ehundik gora etxebizitza eraikiko ditu. Altamiran eta San Martinen bizi direnentzat ere beste sarrera-irteera bat izango da".

Hain zuzen, Malkorbide kalean egun dagoen errepidearen jarraipena izango da San Martin auzora arte eraikiko dutena. Bidea Ibaiondon hasiko da, Jausoro auzora arteko sarreran, eta handik Txalonerrekara jarraituko du. GI-3171 errepidearekin bat egin, eta Abaraxka aterpetxeko sarbideko bidegurutzera iritsiko da. Dena den, udalak aurreratu du proiektuak bere osotasunean Juin eremuraino jarraitzea aurreikusten duela, "ondorengo fase batean" bide sare nagusia itxiko lukeelako herrigunearen hegoaldetik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide