Asteburu makurra izan dute Anaitasunako talde nagusiek

Iraia Oteiza 2023ko abe. 18a, 12:00

Anaitasunaren eta Deustoren aurkako partida larunbatean, Etxezuri zelaian. (Anaitasuna)

Gizonen taldeak 2-1 galdu zuen partida larunbatean, Deustoren aurka Etxezurin jokatutako norgehiagoka. Emakumeen taldeak, berriz, 3-1 galdu zuen Rezolan, Añorga B taldearen aurka jokatutako partida.

Garaipenik gabe igaro dute asteburua Anaitasuna futbol taldeko lehen taldeetako neska-mutilek, bi porrotekin amaitu baitute astea. Gizonei dagokienez, Deusto taldearen aurka neurtu zituzten indarrak larunbat arratsaldez, Etxezuri zelaian. Lehen zatian iritsi ziren Deustoren bi golak, bata 36. minutuan eta bestea 44. minutuan. Pastrianek sartu zuen gorrixen gola, 55. minutuan, baina ezin izan zuten berdinketa lortu, eta azkenean 2 eta 1 galdu zuen Anaitasunak neurketa .

Emakumeen taldeak, berriz, Añorga B taldea izan zuen aurkari igande arratsaldez, Rezolan. Añorgak partida hasi eta berehala sartu zuen lehen gola, 42. minutuan bigarrena, eta 50.ean hirugarrena. Enarak sartu zuen gorrixen gola, 62. minutuan. Partida osoan joku aldetik nagusi izan baziren ere, Anaitasunak ezin izan zuen garaipena eskuratu eta 3 eta 1 galdu zuen norgehiagoka.