Eduki babestua

Herria animatzen, erakusleihoen bidez

Erredakzioa 2023ko abe. 18a, 12:43

Azkoitiko merkataritza txikiak aitortza ekitaldia jasoko du abenduaren 23an udaletxean, 13:30ean hasiko den ekitaldi batean."Herriaren identitatea eta balioak gordetzen dituzten harribitxiak dira herriko dendak. Altxor bat. Eta denoi dagokigu altxor hori mantendu eta zaintzea", gaineratu du Sara Alonso, Herrixen merkatari elkarteko lehendakariak.

Gabonak gainean dira eta Herrixen merkatari elkarteak, urtero bezala, sentsibilizazio eta fidelizazio kanpaina desberdinak antolatu ditu merkataritza txikia indartu eta herrian erosketak sustatzeko.

Promozio kanpainez gain, dinamizazio eta aisialdi ekintzak antolatzeko laguntza eskatu zion Azkoitiko Udalari, herritarrak Azkoitian gelditu asmoz, eta baiezko erantzuna berehalakoa izan zen. Horrela, udalaren babesari esker, musika eta ikuskizun ugari izango dira abenduan zehar. Adin guztietako herritarrei zuzendutako bestelako jarduerak ere izango dira herrian, dozenatik gora ekintza antolatu baitira datozen egunetarako eta asteetarako.

Azkoitiko Udalaren babesari esker, musika eta ikuskizun ugari izango dira abenduan zehar. Adin guztietako herritarrei zuzendutako bestelako jarduerak ere izango dira herrian

Ekintza horien artean ez da izango, ordea, erakusleiho lehiaketa. Urte askoren ondoren, lehiaketaren formatua aldatzea erabaki dute arduradunek: "Lehiaketaren formatua ez zitzaigun gehiegi gustatzen, izan ere, azkenean hiru sari ematen ziren eta lehiakortasuna sustatzen zuela iruditzen zitzaigun. Saltokien artean elkartasuna eta talde giroa sortu nahi da. Beraz, formatua aldatzea eta aurten erakusketa egitea adostu da udala eta merkataritza elkartearen artean", azaldu du Herrixen merkatari elkarteko teknikari den Sara Rodriguezek.

Formatu aldaketa erabakita, erakusketan parte hartu nahi zuten merkatarien izena emateko epea zabaldu zen. Hala, guztira, hamabost saltoki izango dira:

  • ETK informatika 
  • Ainhoa Gizonezkoen ile-apaindegia
  • Noah
  • Beatriz Pozo dekorazioa
  • Maina
  • Arrospide
  • Agnes ile-apaindegia
  • Aingeru loradenda
  • Zero ile-apaindegia
  • Aizterri
  • Naiena
  • Ostadar optika
  • Amalur bideokluba
  • Lukas lurrindegia
  • Prest tindategia

Hamabost saltoki horietatik zein besteetatik igaroz gero, herritik zehar pasiera egiteko, Gabon giroaz eta magiaz blai egiteko, eta nola ez, erosketak egiteko aprobetxa dezakete azkoitiarrek.

"Ilusio eta gogo handiz hartzen dugu Gabon garaia, urteko momentu oso garrantzitsua da. Badakigu herritarren begiak inoiz baino gehiago daudela adi eta hori motibazio handia da"

Izan ere, dendari txikien eragina Azkoitian nabarmena da, kaleak jantzi eta animatzen dituzte urte guztian zehar, batik bat Gabon garaian. Denbora asko pasatzen dute ideia pentsatzen eta ideia hori gauzatzen. Lan handia dago horren atzetik: "Ilusio eta gogo handiz hartzen dugu Gabon garaia, urteko momentu oso garrantzitsua da. Badakigu herritarren begiak inoiz baino gehiago daudela adi eta hori motibazio handia da", gaineratu du Txaro Alberdik, Herrixen elkarteko idazkari eta Aizterri dendako arduradunak.

Saltoki txikiak, altxorrak

Lan guzti hori eskertzeko, aitormen ekitaldi bat antolatu dute Herrixenek eta udalak. Abenduaren 23an egingo da udaletxean, 13:30ean hasita. Arduradunek aurreratu dutenez, ekitaldi xumea, baina berezia izango da. Udaletxean bilduko dira eta hasieran merkatari elkarteak abenduan zozkatutako hogei Gabon saskiak banatuko dituzte. Ondoren, erakusleiho erakusketan parte hartu duten establezimenduei aitortza egingo zaie. Bertan fisikoki, aurten parte hartu duten 15 saltokiak izango diren arren, aitortza merkataritza txiki guztiari bideratutakoa izango da.

"Herriaren identitatea eta balioak gordetzen dituzten harribitxiak dira dendak. Altxor bat. Eta denoi dagokigu altxor hori mantendu eta zaintzea"

"Saltokiek Azkoitiko herriari egiten dioten ekarpena ez da nola nahikoa. Urte osoan gure kaleak jantzi eta dotoretzen dituzte, argia eta bizia ematen diote herriari eta oso garrantzitsua da duten garrantziaz ohartaraztea eta dendariei lan hori ere aitortzea", adierazi du Rodriguezek. "Herriaren identitatea eta balioak gordetzen dituzten harribitxiak dira herriko dendak. Altxor bat. Eta denoi dagokigu altxor hori mantendu eta zaintzea", gaineratu du Sara Alonsok, Herrixen merkatari elkarteko lehendakariak eta Noah arropa dendako arduradunak.