Zabalik da Aizpurutxon 'Urbasoko marmarrak' erakusketa

Ane Olaizola - Andoni Elduaien 2023ko abe. 17a, 09:33

Atzo arratsaldean inauguratu zuten Aizpurutxo auzoan 23 sortzaileren lanak biltzen dituen Urbasoko marmarrak erakusketa. Hilaren amaierara arte egongo dira San Agustin tabernako eta haren aurreko Panaderia etxeko lanak ikusgai.

Urbasoko marmarrak izeneko erakusketa ireki zuten atzo, zapatua, Aizpurutxon; izan ere, urte amaieran itxiko duten San Agustin taberna eta haren aurreko Panaderia etxea arte galeria bilakatu dituzte inguruotako sortzaileek. Erantzuna, berriz, aparta, txoko desberdinetako jende ugari joan baitzen 23 artistak jarritako lanak ikustera.

Gorka Larrañaga artista azkoitiarrak eta Andoni Salamero idazle eta olerkigile zumarragarrak zuzendu zuten erakusketa. Larrañagak erakusketaren nondik norakoak azaldu zituzten kamera aurrean. San Agustin tabernan hasi zuten zirkuitua eta Salamerok ibilbidearen nondik norakoak azaldu zituen han. Bost gune desberdinetan banatu dute erakusketa, eta Salameroren eskutik, gunez gune egin zuten zirkuitua bertaratutakoek. Gainera, Arantxa Irizar San Agustin tabernako arduradunari galderak egin zizkion zumarragarrak, baita tabernako arduradunei bi bertso eskaini ere, haiek guztiz hunkituz.

Tabernako eskaintzak eta kontakizunak amaituta, Panaderia etxera zuzendu ziren guztiak, eta han beste lau guneak ezagutu zituzten bertaratutakoek, denak ere Larrañagaren eta Salameroren gidaritzapean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide